Hau zoramena hau, Lucas! - Aitor Encinas / Kazetaritza ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 17a, 22:08
“Hartu arnasa. Utzi kezkak alde batera. Kendu zapatak, modua baldin badaukazu. Askatu pijamako botoiak ere, ohean baldin bazaude. Orain, patxadan eta jarrera egokian zaudela, heldu esku artean duzunari eta hasi irakurtzen, esperientzia berezi bat deskubritu behar duzu eta.”
Bai, ziur aski paragrafo hau ezaguna egingo zaizue. Literatura atsegin baduzue, eta gainera, euskaraz irakurriz gero... badakizue nondik atera dudan. Baina, lasai! Unai Elorriagaren lana ospetsua ez dizuet idatziko. “SPrako Tranbia” liburuaren hasiera baino ez da, Xabier Mendigurenek idatzitakoa lan sarituaren orrialdetan. Hala ere, pasarte horrek ezin hobeto islatzen du iragan asteartean egin nuena telebistaren aurrean.

Euskal Telebistako Barnetegia izeneko saioaren berri jakin nahi nuen. Hamalau ikasle dira hizkuntza baten irakaskuntza eta 'reality-show'a uztartzen dituen lehenengo telebista saioko protagonistak Hasieratik, - "SPrako Tranbia"ren Lucas protagonistaren antzera – eromen prozesua etorri zitzaidan buruan.

Uribe Kostako bi ikasle daude saioaren lehiakideen artean. Mugaz bestaldean jaiotako beste ikasle batzuk ere badira, argentinarra, amerikarra... Eta esan behar da argentinarrak beste batzuk baino maila hobea agertzen duela. Bai euskara bai Euskal Herriko historia aldetik. Hau zoramena Lucas!

Euskara ikastea da ikasle hauen ardatza. Izan ere, beste jarduera batzuk izango dituzte ikasteko. Areto dantzak, 'funky'a, gorputz adierazpena, masajea, sabeleko dantza... Nire eromena handiagotu egin zen, Lucasen eromena bezalaxe. Jarduera horien artean euskal dantzak ere daude. Beno, eskerrak!

Lehenengo saioa ikusi ondoren, betikoa pentsatu nuen. Gran Hermano, La isla de los famosos, Basetxea... eta horrelako programen formatoaren aurrean gaude. Lehiakideak nor baino nor, bat izendatu eta kalera! Baina... kontuz! Oraingo honetan euskara da hizkuntza. Arrakastarik izango du? Ez dakit, baina kontuan hartuta, ETB-1eko saiorik onena Basetxea izan dela Iparragirre sarietan... ikusle kopurua izango du. Are eta handiagoa zoramena Lucas!

Ondo iruditzen zait jendea bultzatzea euskara ikasten. Eta saioaren ikasle batek baino gehiagok horren nahia erakutsi du. Esate baterako, AEK euskaltegian ere egon da baten bat euskara ikasten. Baina beste batzuk? Euskara ikastea dute helburu edo ospea lortzea? Zalantza daukat. Dena den, ez dakit euskarak tratamendu hau behar duen. Kalean gaztelania bada nagusi... ETB-1ean entzutea larregi izango da. Ez dut uste euskarari onura egingo dionik.

Hamalau ezezagunen elkarbizitza eta haien bizipenak... Niri bost! Nirearekin nahikoa daukat. Soziologia edo psikologia ikasiko banu bederen, agian interesa izango nuke. Eta euskara badakit. Beraz, Barnetegia ikusten ez dut nire euskara maila hobetuko. Baina euskarazko liburuak irakurtzen? Ziur esanahiak, esaera zaharrak, hiztegia edo dena delakoa ikasten dudala. Adibidez, Lucasen istoriotxoa. Gainera, horrela besteen arazoekin ez naiz erotuko.

Baina, telebista horrela dago. Guk hori kontsumitzen dugulako. Hau zoramena hau, Lucas!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun