Itourbask-eko kide izatea eskatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 20a, 21:59
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzaturiko 'Itourbask' Euskadiko Turismo Bulegoen Sarearekin bat egiteko eskaria egin du Getxo Udalak. Udal ezberdinei ezezik, turismo-sustapenaren alorrean diharduten elkarteei ere, euskal turismo sare batean parte hartzeko abagunea eskaintzen die Itourbaskek.
Garapen Bulegoetako Turismo Guneekin batera (udal bulego amankomunatuak), Eusko Jaurlaritzaren beraren Udal Bulegoak, udal ezberdinetakoak eta EAEtik kanpoko Euskal Etxeetan izena emanda duten erakundeetakoak dira aipatutako sarean bil daitezkeen erakundeak. Informazio turistikorako bulego edo guneen egiturari dagokionez, arreta arin eta pertsonalizaturako, autozerbitzurako eta erakusketetarako guneak edukitzea dira, sarean parte hartzeko, eskatzen zaizkien gutxieneko baldintzak. Horretaz gain, barruko lana egin eta agiriak gordetzeko biltegi esparru bat ere eduki behar dute.

Halaber, bulego edo guneak, udalerriko beste azpiegitura edo zerbitzuekin batera izateko aukera ere aurreikusten da, era independiente batean eta behar den moduan seinaleztatua badago. Egoitza hauetako altzariek ere zenbait baldintza bete behar dituzte, hala nola, irisgarritasun legeak betetzea eta sarean elkarri lotuta egoteko tresneri teknologiko egokia edukitzea.

Zortzi orduz goi-sasoian

Bete beharreko gutxieneko ordutegia eguneko 4 ordukoa izango da, behe-sasoian, eta 8 ordukoa, goi-sasoian; astelehenetik igandera bitartean.

Getxokoaren moduan, Itourbask-ekin bat egitea eskatzen duten Turismo Bulegoek, sarea osatzen dutenekin elkarlanean aritu beharko dira, turismo arloko informazio, agiri eta eskuorri guztiak hiritarren eskura jarriz, eta antola daitezkeen koordinazio taldeetan parte hartuz, besteak beste.

Udalak aurkeztutako eskari eta agiriak behin aztertuz gero, sei hilabeteko epean Getxoko turismo bulegoak (Hiritarren Arreta Bulegoetan egongo diren informazio turistikoa eskaintzeko guneak barne) Itourbask Sarera batzea onartuko duela Eusko Jaurlaritzak, "ziurtzat" jo du Iñaki Zarraoa alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun