Getxoztar guztien eskura egongo dira Erromoko eta Areetako aparkalekuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 22a, 21:38
Udalerrian erroldaturiko edozeinek izango du aukera kotxerako tokia bereganatzeko, Areetako Mesedeetako Ama kalean eta Erromoko Santa Eugenia plazan egiten ari diren lurrazpiko aparkalekuetan. Hain zuzen, eskaintza getxoztar guztiei zabaltzeko baimena eman dio Udalak, biak eraikitzen ari den enpresari . Iñaki Zarraoa alkateak aurreratu duenez, gehienbat, Erromoko aparkalekuan izango du eragina erabakiak, Areetakoa ia beterik baitago. Partzela bakoitzeko salneurria 15.025 euro ingurukoa izango da.
Areetako Mesedetako Ama kaleko aparkalekuak uztaila-abuztua aldera zabalduko da eta 350 toki edukiko ditu, hiru solairulan banatuta. Horietatik ehuneko berrogehi inguru horretako bizilagunen eskura egongo dira; gainontzeko ehuneko hirurogehi, berriz, txandakakoak izango dira. Erromoko Santa Eugenia plazakoari dagokionez, urte bukaera aldera irekitzea aurrikusten dute, hasieran bi solairu egitera bazihoazen ere, hiru egingo direlako. Orotara, 240 toki edukiko ditu honek, saltzekoak guztiak. "Partzela asko dago libre", Zarraoak adierazi duenez.

Getxoko Udalak egutegi bat prestatuko du aipatutako neurria zein egunetan sartuko den indarrean finkatzeko. Horren ostean, hilabeteko epea zabalduko delarik interesa daukaten guztiek eskariak aurkez ditzaten. Zarraoak aipatu duenez, "eskariek eskuragarri dauden partzelen kopurua gaindituz gero, zozketa bat egingo da; horrek ere hautapen ordena zehazteko balioko du.

Hala ere, aurretik, komunikazio kanpaina bat abian jarriko da aparkalekuen inguruan bizi diren auzotarrek jakin dezaten, egun jakin batetik aurrera, Getxon bizi den edonork partzeletako bat eskuratu ahal izango duela; eta ondorioz, beren aukerak murriztu egingo direla".

Merkatarientzako tokirik ez

Udalerrian erroldaturik ez dauden, baina Getxoko merkataritza alorrean diharduten salerosleei ere aparkalekuren bat emateko, enpresa eraikitzaileak egindako eskaera, aldiz, atzera bota du Udal Gobernuak. Izan ere, biek hitzarturiko baldintza pleguetan espreski debekatutako neurria da. Hala ere, alkatearen hitzetan, "azken eskari horri nolabaiteko erantzuna emango zaio eragin eremua handitzen doan heinean. Eremu horren barruan kokaturiko saltoki bat duenak ere, aukera izango du aparkaleku bat bereganatzeko, udalerrian erroldatuta badago eta bertan bizi bada".

Era berean, Zarraoak gehitu zuenez, "aparkaleku bat 50 urtez erosteko aukera ez duten salerosleei Mesedeetakoan abagunea eskainiko zaie, aldi baterako kontratatu litezkeen plaza batzuk gordetzea aurreikusten baita".

Gerora, milatik gorakoa izango da aparkatzeko tokien kopurua, Gobelan eraikiko den kiroldegiaren azpian (286) eta Santa Anako babes ofizialeko etxeetan egingo diren (200) partzelei esker.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun