Emakumezkoak dira Getxoko kzguneen erabiltzaile nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 26a, 22:26
Teknologia berrien erabilera bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Algortan eta Areetan zabaldutako kzguneen erabiltzaile nagusiak emakumezkoak dira, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak nabarmendu duenez.

Zarraoak emandako datuen arabera, udalerrian zabaldu zituztenetik iazko abenduaren 31ra arte, guztira 4.637 lagunek erabili zituzten bi zentro hauen zerbitzuak (2.465 Areetan eta 2.172 Algortan). 2003.urtean 1.755 lagun hurbildu ziren aipatutako guneetara.

Zentro hauetan, internet gaineko trebaketa jaso duten erabiltzaileen profilari dagokionez, ehuneko 63 emakumezkoak izan ziren eta gainontzeko ehuneko 37 gizonezkoak. Bestalde ehuneko 60ak 35 urte baino gehiago zituen eta horietatik ehuneko 23, gainera, 55 urtetik gorakoak ziren.
Getxoko kzguneak martxan jarri zirenetik (Areetakoa 2001eko abenduan eta Algortakoa 2002ko maiatzean), guztira 492 ikastaro eman dituzte, bai oinarrizko mailari dagokionez, bai maila aurreratuan (horietatik 270 iaz), eta 2.920 lagunek hartu dute parte. Atal honetan gainera, parte hartu duten emakumeen kopurua areagotu egiten da, ehuneko 70a izan baita eta 35 urtetik gorakoak gehienak (%38 55 urtetik gorakoak izan ziren).

Kopuru hauek guztiek, Zarraoaren hitzetan, "zentro hauen helburuetako bat betetzen ari dela uzten dute agerian, hau da, ikastaroen bitartez, Internet eta teknologia berriak ezagutzen ez dituztenak informazio-gizartera hurbiltzea. Ez gara gazteei buruz ari; lan munduan dabiltzanei, etxeko andreei eta jubilatuei buruz baizik."

Azkenik azpimarratu behar da, 2003an erabiltzaileen kopurua apur bat areagotu egin dela aurreko urteen aldean, eta horregatik alkatearen iritziz, "Eusko Jaurlaritzak bere egunean iraungitze-datarekin planteatu zuen programa izan arren, interesgarria izango litzateke Getxon jarraipena ematea".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun