Hezkuntza eta Prestakuntzako Bigarren Azoka bihar eta etzi Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 28a, 22:36
Getxoko Udalak antolatutako Hezkuntza eta Prestakuntzako Bigarren Azoka hartuko du, urtarrilaren 29an eta 30ean, Areetako Geltokiko enparantzak. Besteak beste, araututako hezkuntzako udalerriko 14 ikastetxek eta ez araututako 9 zentrok hartuko dute parte bertan; gurasoei eta ikasleei hauen guztien eskaintzaren berri ematea da azokaren helburua. Izan ere, laster Oinarrizko Hezkuntzako matrikulazio epea zabalduko da eta, horretaz gain, gazte askok euren ikastetxeak utzi eta Bigarren Hezkuntzako zentro batetara joan beharko dira, Iñaki Zarraoa alkateak gaur nabarmendu duenez.

Azoka goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, zabalduko ditu ateak. Arratsaldetan, hain zuzen ere, Andres Isasi Musika Eskolako ikasleek alaituko dute euren musikarekin.
Zarraoak adierazi duenez, bertako zein inguruko herrietako gurasoei eta ikasleei dago zuzenduta Hezkuntza eta Prestakuntzako Bigarren Azoka. Baita hezkuntzan lan egiten duten enpresei ere. "Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez, aita-amek erabakitzen dute haurrak zein ikastetxera eraman, baina Bigarren Hezkuntzan seme-alabek zer esanik badaukate", gaineratu du alkateak. Horretaz gain, zentroen artean ere, bakoitzak daukan eskaintza ezagutzeko aukera ematen du azokak.

Getxoko Udalak 60 mila euro gastatu ditu antolakuntzan (iaz 30 mila izan ziren). Azokaren inaugurazioa goizeko hamarretan izango da eta hartara udal ordezkariak bertaratuko dira. Erakusketa karpa baten barruan jarriko dute, horrek azalerako 400 metro koadro ditu. Erakustokietan panelak eta altzariak egongo dira eta konexio elektrikoak, Internet eta linea telefonikoa izango dituzte.

Guztira 23 zentro

Hezkuntza eta Prestakuntzako Bigarren Azokan 23 zentrok parte hartuko dute guztira, iaz baino hiru gehiagok. Horietatik zazpi publikoak dira eta beste horrenbeste pribatuak, Oinarrizko edota Bigarren Hezkuntzakoak (derrigorrezkoa, hautaskoa zein Lanbide Heziketara zuzendutakoa): Geroa ikastola, Gobela ikastola, Andra Mari, Juan Bautista Zabala, San Nikolas ikastola, Nuestra Señora de Europa, Santisima Trinidad, Madre del Divino Pastor, Azkorri, Artaza-Romo eta Julio Caro Baroja Bigarren Hezkuntzako Institutuak, Fadurako Goi Mailako Lanbide Heziketako Institutua, Ibaiondo Lanbide Heziketako zentroa eta Eskola Teknikoa.

Horiekin batera, Andres Isasi Musika Eskola, Getxoko Berritzegunea, Getxo-Leioako Lanbide Hastapenerako ikastegia, Getxoko Antzerki Eskola, Helduentzako Eskola Iraunkorra eta Getxoko Ume Antzerkia Bultzatzeko Elkartea ere izango dira eta HABEk homologatutako hiru euskaltegiak (Udal Euskaltegia, Lauaketa AEK eta Jose Antonio Agirre).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun