Ezker abertzaleko ordezkaritza zabal baten bozeramale gisa, azaroaren 19an emandako prentsaurrekoan, "Euskal Herria aitortu, errespetatu" ekimena auzo eta herrietan zabaltzera deitu zituen, euren buruak ezkertiar eta abertzale duten guztiak, Pernando Barrena Batasunako mahaikideak. Ordutik hona, hainbat tokitan aurkeztu dute egitasmoa.
Izan ere, martxoko hauteskundeak "erronka politikotzat" hartu zituen orduan Barrenak, "Espainiari ezezkoa emateko" eta, beste behin ere, "errepresioa eta erasoak alferrikakoak direla adierazteko Madrilgo Gobernuari". Mahaikideak gaineratu zuenez, "Euskal Herria bizirik dirau, eta aukeratzeko gauza den neurrian, zer nolako etrokizuna nahi duen erabakiko du askatasun osoz". Honen harira, egunez egun, "eskubide zibil eta politikoak urratzea" egotzi zion Espainiako Gobernuari Barrenak, euskal herritarron helburuak zilegiak direla adieraztearekin batera, "nahiz eta espainiar eta frantziar legediek horrela ez ikusi".