Martxoaren 24an erabakiko da Monteroren ordezkoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 3a, 21:26
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gobernu Bilerak gaur onartu ditu errektore berria aukeratzeko hauteskundeen araudia eta egutegia. Horrela, hauteskundeak martxoaren 24an egingo dira, eta hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 27an bukatuko da.

Hauteskundeetara ez dela aurkeztuko jakinarazi zuen atzo Manuel Montero jarduneko EHUko errektoreak. Arrazoi pertsonalak, familia alorrekoak eta profesionalak argudiatu zituen, baina guztien gainetik arrazoi pertsonalak daudela argitu zuen. "Unibertsitatearen barruan kudeaketa ardurekin zazpi urte baino gehiago egin ditut, eta jada nekatuta ere banago", adierazi zuen. Izan ere, lau urte egin ditu Monterok errektore karguan, baina aurretik Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen. Legealdiko "lorpenak" aipatzeko orduan, EHUren barruan lortu den "egonkortasuna" eta unibertsitate autonomiaren defentsa aipatu zituen Monterok. Unibertsitateak "terrorismoaren kontra" erakutsitako jarrera ere azpimarratu zuen.
2002ko urtarriletik indarrean dagoen Unibertsitateen Lege Organikoaren (LOU) arabera, unibertsitateetako araudia legeak berak ezartzen duenera egokitzeko Estatutu berriak onartu ondoren unibertsitateek errektorea aukeratzeko hauteskundeak deitu behar dituzte.

EHUko Estatutu berriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zirenetik daude indarrean, hau da, joan den urtarrilaren 12tik. Ondoren, Gobernu Bilerak hilabeteko epean onartu behar zituen errektorea aukeratzeko araudia eta egutegia, eta izapide hori gaur bete du. Onarturiko egutegiaren arabera, errektorea aukeratzeko hauteskundeak martxoaren 24an egingo dira; sufrafio unibertsal haztatuarekin egingo diren lehen hauteskundeak izango dira.

LOUk ezartzen duenaren arabera, eta orain arte erabilitako prozeduran ez bezala (orain arte Klaustroak aukeratzen zuen errektore berria), EHUn lan egiten duten pertsona guztiek eta errolda ixtean matrikulatuta dauden ikasle guztiek eman dezakete boza.

Hautesleak lau sektoretan banatzen dira: irakasle funtzionario-doktoreak; doktore ez diren irakasleak eta kontratatuak; ikasleak; eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Kolektibo bakoitzeko botoa honela haztatuko da: irakasle funtzionario-doktoreak, ehuneko 51; irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren beste langileak, ehuneko 18; ikasleak, ehuneko 20; eta administrazio eta zerbitzuetako beharginak, ehuneko 11.

Hautesle-erroldak otsailaren 13an argitaratuko dira, Errektoretzako, campusetako Errektoreordetzetako eta zentro guztietako iragarki-taula ofizialetan. Erreklamazioak aurkezteko epea otsailaren 17ra arte izango da, eta hautesle-erroldaren behin betiko argitalpena otsailaren 20an agertuko da.

Otsailaren 27an ezagutuko dira hautagaiak

Bestalde, zerbitzua erabateko arduraldiz eskaintzen dituzten EHUko katedradunak izan daitezke errektore izateko hautagaiak. Hautagaitzak otsailaren 27ko arratsaldeko 13:00ak baino lehenago aurkeztu behar dira EHUko Erregistro Orokorrean, hautagaiaren izena, bere hautes-programa, bere gobernu taldearen egitura, eta gutxienez Klaustroko kideen ehuneko 10aren sinadurak dituen bermea aurkeztuz.

Hautagaitzak ofizialki izendatzen direnetik (martxoaren 4an) bozen egunaren 24 ordu lehenago arte, nahi duten hautagaiek hauteskunde kanpaina egin dezakete. Horretarako, EHUk beharrezko dituzten lokalak utziko dizkie ekitaldietarako, eta beraien gobernu-programa zabaltzeko eginiko gastuaren 10 mila euroko diru-laguntza emango die gehienez.

Gainera, hauteskunde propaganda jartzeko iragarki-taula ofizialak jarriko dira zentro guztietan, eta web bidez ere beste iragarki-taula bat erabili ahal izango dute. Bestalde, Klaustroaren ezohizko saio bat deituko da martxoaren 12an, hautagaiek beraien programak aurkeztu eta Klaustroko kideen galderei erantzun diezaieten.

Martxoaren 24an, bozak goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte eman ahal izango dira. Irakasleek eta ikasleek euren zentroetan bozkatuko dute, eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek campus bakoitzeko Errektoreordetzetan emango dute boza. Hauteskunde-mahai bakoitzean lehendakari bat eta hiru bokal egongo dira, bakoitzaren mugapeko hautesleen artean zozketaz aukeratuak.

Gaiaren inguruko albisteak

Montero ez da aurkeztuko EHUko errektoretzako hauteskundeetara - Berria (2004 Ots 03)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun