Sopelako Udalak arazoak izan ditzake Wi-Fi sarea jartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 6a, 19:58
Sustatu webguneak aditzera eman duenez, udalek arazoak izan ditzakete Internetera konektatzeko haririk gabeko sareak jartzeko. Izan ere, Wi-Fi izena daukaten erabilpen libreko sare horiek, zerbitzu publikoa ezin direla izan adierazi du espainiar estatuan sektore horretako liberalizazioa zaintzen duen Telekomunikazioen Merkatuko Komisioak (CMT). Sopelakoa izan zen, Euskaltelekin batera, mota honetako egitasmoa abian jartzeko asmoa adierazi zuen lehendabiziko udal euskalduna. Orain dela gutxi, Oñatikoak hartu du lekukoa zazpi udal eraikin Internet bidez lotzeko. Donostian aldiz, Cristina Enea parkean jarri nahi dute Wi-Fi sistema, bertatik Internetera konektatu ahal izateko. Gainera, sarea handitu nahi dute Boulevarrera, Alderdi Ederrera, Alde Zaharrera, Urgull mendira eta hondartzetara. Aurreko bietan dohainik eskainiko da zerbitzua eta Donostian ordainpekoa izateko aukerak aztertzen ari dira.
Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren ustez, beste operadoreen konpetentzia librea bermatzeko, merkatuan hauen parean jardun beharko dute udalek eta ez administrazio publiko moduan. Alegia, ezin izango dituzte Wi-Fi azpiegiturak finantziatu, ezta zerbitzuaren galerei diru publikoaren bidez aurre egin. Beraz, zerbitzua ordainpekoa edo doanekoa izateak ere ondorioak baditu. Izan ere, CMTren hitzetan, sarearen beraren ustiapenarekin lortutako irabaziekin ordaindu beharko da sistemaren kostua (antenak, azpiegitura...)

Gaiaren inguruko albisteak

Sopelako udalerrian Wi-Fi sarea jarriko dute - Sustatu (2004 Urt 08)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun