Solid! talde norvegiarraren diskoa argitaratu du Getxoko Jazzaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 12a, 20:38
Iazko edizioko Talde Lehiaketaren azken irabazlearen diskoa kaleratu berri du Getxoko Europar Jazzaldia, Solid! talde norvegiarrarena alegia. 2003ko uztailean izan zen jazzaldian zuzenean grabaturiko sei abesti biltzen dituen CD honen grabazioaz gain, 3.000 euro eskuratu zituen taldeak. Gainera, Hoeilaart-en (Belgika) eta Ibizan (Espainia) ospatzen diren jaialdietan parte hartuko du. Solid! garaile eztabaidaezina izan zen Getxon, bakarlari onenari publikoak eta epaimahaiak ematen dituen sariak ere jaso baitzituen.
Jazzaldiko iturriek jakinarazi dutenez, urtero gertatzen den moduan, oso zaila izan zen irabazlea aukeratzea, talde guztiek maila ona ematen dutelako. Hala ere, azkenean, Eskandinaviako talde baten esku geratu zen berriro ere saria, Solid! talde norvegiarrak irabazi baitzuen Talde Lehiaketa.

Gainera, aipatu bezala, beste bi sari eraman zituen. Alde batetik, epaimahaiak Truls Ronning bateria jolea izendatu zuen bakarlari onena; eta bestetik, Bjorn Vidar-Solli gitarrista izan zen bakarlaririk nabarmenena ikusleentzat.

Bjorn Vidar Solli (gitarra), Steinar Nickelsen (organoa) eta Truls Ronning (bateria) dira Solid! taldeko kideak. Ibilbide laburra izan arren, 2002. urteko Norvegiar Musikari Gazte Onenak aukeratu zituen herrialde horretako Kontzertuen Institutuak eta Jazzaren Forumak, Moldeko Nazioarteko Jazzaldian. Trondheimgo Jazz Kontserbatorioan ikasi dute hiru musikariek, eta CD honekin bere ametsetako bat bete dute, bilduriko abesti gehienak eurenak baitira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun