"Espainiari Ez" esan diote ehun ikasle inguruk Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 5a, 17:08
Ostiralerako, martxoaren 5a, deitutako borroka egunaren arestian, 100 ikasle inguruk bildu ziren SEGIk deitutako manifestaziora. Izan ere, ikasle hauek ere, “Espainiari Ez” esan nahi izan diote, eta gazteon eskubideak errespeta ditzaten eskatu ere bai.
MEDIABERRI/Aritz Garate

Unibertsitateko ikasleek ere hauteskunde hauetan izango den eskubide urraketa salatu dute EHUn. “Espainiari ez. Gazteon eskubideak errespetatu” leloa zeraman pankartaren inguruan, ehun ikasle inguru bildu ziren atzo Leioako campusean. SEGIko bozeramaile batek adierazi zuenez, "euskal gazteok autodeterminazio eskubidea erdiesteko dugun premia larria azpimarratu nahi dugu", hori dela eta egin zuten deialdia.

Manifestazioa Kafetegi Nagusitik abiatu zen 12:00ak inguruan, Errektoretzatik igaro eta Zientzietako Fakultatearen parean bukatzeko. Manifestazioa zirauen bitartean, “EA-PNV espainolak”, “Estatu Espainola estatu terrorista”, “Gazteon eskubideak errespetatu”… bezalako ohiuak entzun ahal izan ziren. Anekdota moduan aipagarri: manifestazioaren bukaeratik gertu Eusko Alkartasunaren furgoneta bat zegoen propaganda banatzen eta ikasleetako batek bere bozka-papera kristalean ipini zion, bozkatzeko eskubidearen urrapena salatu nahian.

"Martxoaren 14an Espainiari ez"

Manifestazioaren bukaeran SEGIko bozeramaile batek hitza hartu zuen. Euskal gazteria "estatu espainiar eta frantziarren eraso zuzen eta bortitza jasaten dugun kolektiboa" osatzen duela adierazi zuen honek eta autodeterminazio premia "inoiz baino handiagoa" dela azpimarratu ere bai. Hori dela eta, "Espainiar eta Frantziar inposaketari aurre egin eta gure eskubideak defendatu beharrean" daudela nabarmendu zuen, "Frantziar eta Espainiar inposaketari ezetz borobil bat oihukatuz, Espainiar eta Frantziar inposaketak gogor ostikatuz".

Hitzaldiaren amaieran, martxoaren 14an, gazteok "Espainiari ez eta Euskal Herria eta gazteon eskubideei bai" aldarrikatzeko deia egin zuen SEGIko bozeramaleak.

http://www.mediaberri.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun