Tamainuaren garrantzia - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 8a, 21:22
Izenburuak besterik ematen badu ere, ez naiz oraingoan gizonezkoen sexuaz arituko, politikaz baizik. Ez da oso ezaguna baina liberalismo politikoaren aita pontekoetariko batek, Montesquieu-k alegia, bere “Legeen izpirituaz” (De l’esprit des lois, Gallimard) politikaren araubidea eta gizartearen dimentsioaren artean zerikusirik badagoela planteatu zuen. Aipatu liburuaren VIII. kapituluan, adibideak tarteko, lurralde zabalak dituen inperioari Despotismoa dagokiola diosku; neurriz ertaina den lurraldeko estatuari, berriz, Monarkia, eta azkenik, herrialde txikiari, Errepublika.
Edozelan ere, iraultza iparamerikarra eta frantsesaren ostean, herrialde txikia (eta bere lurra modu birtuoso eta berdinduan osatzen duen populus-aren kopuru mugatua) eta Errepublika gobernatzeko era egokienaren arteko bateratasuna birpentsatua izan zen. Bietan sortu baitzituzten Errepublika modernoak arestian aipatutako ereduak onartzen zuen baino lur eremu handiagoetan. Baina, hala ere, ereduak egiatasuna mantentzen zuelako seinale, bi estatuek neurri ‘zuzentzaileak’ hartu behar izan zituzten bertute politikoa eta zabalera geografikoaren arteko konexioa egokitzeko.

Estatu Batuetako zabalerak Despotismoa eskatuko luke. Halere, Errepublika ezarri zuten consensus juris original baten bitartez: federalismoa, alegia, botere-zentroak leku askotan banatuz eta horiek Batasun batez koordinatuta.

Frantzian, esan beharrik ez dago, historiak Monarkia zentralistaren eredu europar nagusia izan dela ongi erakusten digu. Neurria, beraz, aproposa izango luke horretarako. Baina Iraultzarekin izpiritu publikoa kontzeptu berria sortu zen, hain zuzen ere ‘iluministek’ sortutako iritzi publikoarena ordezkatzeko. Geroago, Napoleonek ordena publikoaren obsesio atzerakoia bihurtu zuen. Dena dela, jakobinoek sortutako izpiritu publikoak zentzu homogeneizatzailea eta koerzitiboa zeukan. 1793ko eskubideen deklarazioan bikoizketa demokratikoa egin zioten: posible da arrazoi publikoaren aurrerapena (gizarte usteldua bertuterantz eramateko), hezkuntza publikoa eta laikoaren bitartez.

Nolanahi ere, nago Montesquieu-k arrazoi duela oraingoz, eta neurri ‘zuzentzaile’ horiek bi menderen buruan porrot egin dutela. Estatu Batuetako presidenteak gero eta despota baten antz handiagoa du eta Frantziako presidente biziartekoak berriz (Mitterranden kasu ezin argiagoa, esaterako) ‘errege errepublikarrarena’. Jakobinoek sortutako izpiritu publikoa, berriz, koerzio hutsa bilakatuz doa eskola publikoetan neskatxa musulmanei estalkia eramateko debekuak ongi asko frogatu duenez.

Euskal Herriaren independentzia —despota eta monarkarik gabea— nahi dugunontzat, beraz, teoria interesgarria iruditu zait Montesquieu-ren hau.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun