EHU gizartearentzako erreferentea bilakatu nahi du Juan Ignazio Perezek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 9a, 19:22
Kalitatezko irakaskuntza eta ikerkuntza erabili nahi ditu horretarako errektoregaiak

Jun Ignacio Perez EHUko Biologia katedradunak eta errektoregaiak unibertsitatea gizartearentzako erreferentea bihurtzearen aldeko apustua egin du, horretarako, kalitatezko irakaskuntza eta ikerkuntzan oinarrituz. Bere iritziz, errektorea aukeratzeko atzo bertan hasi zen kanpaina "ez da gogorra izango, behintzat nire aldetik", eta hauteskundeen egunera iritsi arte (martxoaren 24), "gauzak ahalik eta modu erakargarrienean" aurkezten saiatuko dela ziurtatu du. "Nire proiektuaren eta nire birtute propioak aurkeztuko ditut, unibertsitatean eta kudeaketan daukadan esperientziagatik, eta akademiko eta ikertzaile bezala dudan historiagatik", azaldu zuen atzo Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean.
EHUko errektoregaiarentzat, erakunde honek "kalitatezko zerbitzua eskaini behar dio gure gizarteari", eta horretarako, "ahalik eta hobekien irakatsi eta ikertu behar du". "Ideia argiak eta baliabideak behar dira", adierazi du, finantzazioa EHUren egungo "arazo larri bat" dela gaineratuz.

Unibertsitateen Euskal Legeak EHUri finantz-egonkortasuna emango diola uste duen arren, ez du ahaztu "Unibertsitatearen baliabideak Legebiltzarrak urtero eman nahi dionaren menpe" daudela. Zentzu honetan, Juan Ignacio Perez fundazioak sortzearen alde agertu da, "Unibertsitatearen eta enpresaren eta gizartearen arteko harremana sustatzeko", nahiz eta garrantzitsuena "ongi irakastea eta ikertzea" dela adierazi zuen.

Bigarren itzulia egongo da Perezen ustez

Juan Ignacio Perezek iragarri du bigarren itzulia izango dela errektorea aukeratzeko hauteskundeetan, "ia ezinezkoa delako hautagaietako bakar batek ere gehiengo osoa lortzea" lehen itzulian. Martxoaren 24ko hauteskundeetako bozik gehien lortzen dituzten bi hautagaiak lehiatuko dira bigarren itzulian. Juan Ignacio Perez aurreko hauteskundeetan ere aurkeztu zen errektore izateko bozetara, eta deialdi horretan "gauza asko" ikasi zituela ziurtatu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun