Euskal Herriko ehun artisten lanak bilduko ditu IbilArte erakusketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 10a, 20:37
EHUko Abesbatzak eta Leioako San Juan Bautista Abesbatzak emanaldia eskainiko dute bihar

IbilArte-04 erakusketaren inaugurazio ekitaldia egingo dute bihar, 19:00etatik aurrera, Bilboko BBKko Elkanoko Kultur Gelan. Ibilaldiaren barruan egiten den arte erakusketa da honako hau, eta aurten, Euskal Herriko 100 bat artisten lanak bilduko ditu. Besteak beste, D.Tamayo, A. Garraza, J.M. Lazkano, Dora Salazar, J.L. Zumeta, E. Landa edo Juan Gorritiren lanak egongo dira ikusgai.
Bilbao Bizkaia Kutxak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta Ibilaldia 2004k antolatuta, erakusketan parte hartzen duten artistez gain, euskalgintza, irakaskuntza, alderdi politiko, sindikatu eta gizarteko beste esparruetako hainbat ordezkari ere izango dira IbilArte erakusketaren inaugurazioan. Martxoaren 24ra arte egongo da zabalik.

Emanaldia Leioako Musika Eskolan

Beste alde batetik, Ibilaldia 2004ren aurreko ekitaldien baitan, emanaldia eskainiko dute bihar EHUko abesbatzak eta Leioako San Juan Bautista Abesbatzak. Leioako Musika Eskolako Auditorium-ean, arratsaldeko zortzietan, izango da ekitaldia. Sarrera dohainik.

Abesbatzek zati bana egingo dute, eta bukatzeko, pieza pare bat abestuko dute elkarrekin. Leioako San Juan Bautista Abesbatzak, Alcaraz, Purcell, Miskinis, Sarasola eta Dominguezen obrak interpretatuko ditu, Basilio Astulez zuzendaria dela; EHUko Abesbatzak, berriz, Morley, Lauridsen, Bello-Portu, Escurra, Erb eta Jonsonen lanak abestuko ditu, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean. Ondoren, bi abesbatzek Escuderoren "Izar Hedera" eta "Axuri Beltza" interpretatuko dituzte.

Antolaketan parte hartzeko deia

'Elkarregaz heldu' lelopean, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolak dira 2004ko Ibilaldia antolatzeko arduradunak. Leioan egingo da maiatzaren 30an. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan, kirolan, prentsan edota muntaian laguntzeko jendea eskatzen dute. Horrenbestez, Ibilaldiko antolatzaileekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau jarri dute: ibilaldia@ikastola.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun