Hamaika... hilaren 11n - Aitor Encinas / Kazetaritza ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 18a, 21:51
Madrileko atentatua gertatu zenetik -lehenik eta behin nire doluminak hildakoen familiei-, astebete igaro da jada.

Iragan astea pasa ostean eta tartean Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeen emaitzak jaso ondoren, hamaika analisia irakurri ditugu komunkabide idatzietan. Hamaika gauza entzun eta ikusi behar izan ditugu telebistako kateetan. Espainia aldetik etorritako hamaikatxo gezur gehien bat.
Hamaika oztopo gertaeraren egia eztaltzeko asmoz. Al Kaeda eta ETAren arteko lotura bilatu nahian hamaika pertsona aritu dira. Alderdi Popularrak hamaika gauza zeuzkan galtzeko, ordea, gutxi irabazteko. Kontrako egoeran zegoen PSOE alderdia. Azkenean, hamaika opari ekarri dio Bin Laden jaunak Zapatero jaunari. Gabonetako usaina oso goiz ailegatu zaio, martxoaren 11n, hain zuzen ere.

Gizartean hamaika botoen bila aritu dira politikariak, eta tartean hamaika familiaren gorrotoa, tristezia, goibeltasuna, amorrua... jokoan egon da. Edo hobe esanda, oraindik momentu honetan airean dago. Hamaika bihotzen taupaden soinua entzuten da inoiz baino ozenago.

Aldez aurretik, hamaika manifestazio egin dira, hamaika lema irakurri eta hamaika krespoi beltz ikusi dugu. Hamaika gaitzespen munduko edozein lekutatik etorritakoak.

Konstituzioaren aldeko hamaika aldarrikapen izan dira Madril aldetik. Terrorismoaren kontrako ekintzak –edozein motatako terrorismoaren aurka, ez bakarrik ETAk egindakoa– ikusgai izan dira munduan. Hamaika minutu ixilpean egon gara biktimen oroimenez.

Aurrera jarraitzen dugu, eta antza denez, horrelako egoerak hamaika aldiz ikusiko ditugu. Mundua arriskuan dagoela diote adituek. Al Kaedak berriro erasoa egin dezakeelakoan. Hurrengoa noiz? Irailak edo martxoak 11?

Hamaika gauza, hamaika hitz, hamaika oroitzapen... eta dena hilaren 11n.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun