Euskal unibertsitatearen aldeko botoa eskatu die ikasleei IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 23a, 22:54
Euskal Ikasleen Eskubideen Karta da bere programaren oinarria

EHUko errektorea ez ezik, klaustroa ere aukeratuko da hauteskunde egunean. Besteak beste, "euskal unibertsitate baten alde eta euskal ikasleon defentsarako botoa" emateko ikasleei deia egin zien atzo Ikasle Abertzaleak taldeak. Aipatu beharra dago, IAk ahalegin berezia egin duela EHUko fakultate guztietan hautagaitzak aurkezteko. Euskal Ikasleon Eskubideen Karta da bere programaren oinarria, oinarrizko hamar eskubide biltzen dira bertan. Errektoregaien artean, berriz, Iñaki Antiguedaden hautagaitzari botua emateko eskatu dute.
IAren iritziz, Unibertsitatean "ez dago erakunde demokratiko bat bera ere". "Alde batetik, parte-hartzeari dagokionez, ikasleoi leku eskasa uzten zaigu, unibertsitarioen %80 baino gehiago garen arren, %20ko balioa ematen zaigu; bestetik, Unibertsitateak ez du bermatzen unibertsitarioenganako gertutasuna". Hala ere, IAk hauteskunde egunerako borroka deia egin du: "Euskal unibertsitate baten alde eta euskal ikasleon defentsarako botoa emanez. Horrela, erakunde antidemokratiko hauetan ere geure ahotsa entzunaraziko dugu, eta eta gure borroka eta aldarrikapenen bozgorailu bihurtuko ditugu".


Euskal Ikasleen Eskubideen Karta

Hezkuntza eskubidea: Ikasle orok nahi duen ikasketa egin ahal izatea. Selektibitatea desagertzea.

Hizkuntz eskubideak: Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea.

Kultura eskubideak: Euskal curriculuma eratu eta garatzea.

Euskal Herrian ikasteko eskubidea: Muga administratibo guztien gainetik, ikasle guztiek eskubide berak izatea bertan ikasteko.

Hezkuntzan subjektu izateko eskubidea: Ebaluazio sistemaren aldaketa. Ikasleek parte hartzea irakasleen ebaluazioan.

Hezikidetza eskubidea: Parekotasuna lortzeko bidean, neurriak hartzea.

Ikas-baldintza duinen eskubidea: Garraioan ikasleentzako bonoak sortzea, eta beka politika zabalagoak.

Eskubide demokratikoak: Kamerak kentzea, poliziei sarrera debekatzea eta Diziplina Batzordearen izaera politikoa ezabatzea.

Kolektibo gisa jarduteko eskubidea.

Ikasle presoen baldintzak hobetzea: EHUn matrikulatzeko, tutoreak izateko eta ikas-materiala eskuragarri izateko eskubidea ikasle presoentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun