Ez utzi barre egiteari! - Maitane Ruiz / PTBko kolaboratzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 25a, 23:01
Badakizue Txinan jendea bildu egiten dela barre egiteko? Barre algarek osasuna orekatzen dutela uste dute. Beste toki batzuetan, “mediku pailazoak” edo “pailazo sakratuak” existitzen dira, barrearen bitartez jendea sendatzea lanbide dutenak. Frantzia, Alemania, Suitza eta AEBetako ospitaletan ere, umorea eta barrea terapia moduan erabiltzen dute. Hemendik ere Mugarik Gabeko Pailasoak gobernuz kanpoko erakundea badabil lanean.
Eta umore ona zerbait hasteko erarik egokiena dela frogatuta dagoenez, gaur barrearen terapiaz edo “risoterapiaz” hitzegitera natorkizue. Honetaz dakitenak diotenez, bizitzari era egokiago batetan aurre egiteko metodo bat da, pentsaera ezezkorra baikor bihurtuz. Alaitasuna, baikortasuna eta umorearen eraginez, emozioak eta pertzeptzioak eraldatu egiten direla diote.

Gainera barre algarak hamaika onura dakartzala ziurtatzen digute: gaztetu egiten omen du, estresa baztertzen lagundu ei du, tentsioak, antsietatea eta depresioari kontra egiteko gai da, kolesterola kontrolatu dezake, argaldu egiten du, lo egiten laguntzen du, bihotzeko eta arnas aparatuko arazoentzako onuragarria da. Gainera, norbere onarpena, besteekiko ulermena, alaitasuna, eta erlajazioa ekar diezaguke.

Hau ikusita frogatzeak ez digula txarrik egingo pentsatu eta halako terapia batetan murgiltzera ausartu naiz. Zer egiten den Risoterapiako saio batetan? Ba, gorputzeko tentsioak askatu eta barre egin, barre asko egin, barrez ito! Benetan, gorputz adierazpena, dantza, arnasketa ariketa, masaje eta beste hainbat tekniken bitartez barre algaraka pasa genuen asteburu osoa. Lotsa etxean utzi eta, barrenak hustu beharrean batzutan hain ahaztuta dugun barre natural eta osasuntsuan murgilduta ibili ginen; negar egiteraino, ez pentsa!

Onurak? Ba, lehenik eta behin, hurrengo eguneko ahujetak eta nekea! (badakizue barre egiterakoan gorputzeko 400 muskulu mugitzen ditugula?). Bestetik, berehalako ongizate sentipena, lasaitasuna, tentsiorik eza, hegaz egongo bazina bezalako sentsazioa. Aurpegiko azala firmeagoa, begiak garbi garbi (nagarraren eraginez, suposatze dut), arnasa askoz hobeto hartzen zutela zioten batzuk (hotzeria kanpora!).

Ez dakit nola baina barruan duzun onena atera arazi egiten dizu: maitagarriago zaude, pozago, energiaz gainezka (pilak kargatuta!) eta umorea, animo oso onarekin! Denetatik hoberena? Taldekideekin hain denbora gutxian sortzen den harreman hain eztua; adin, kultura, biziera hain ezberdinetako jendearekin sortzen den hartuemana, hain ondo konektatzeko gaitasuna harrigarria da. Terapeutikoa da? Nik ez dakit, baina benetan, aukera baduzue ausartu eta froga egin. Bestela, ez utzi, sekula, barre egiteari!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun