Genero Berdintasuna sustatzeko egitasmoa garatuko du Erandioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 29a, 22:58
Erandioko Udalaren barne zein kanpo-jardueran genero ikuspegia barneratu eta beharrezkoak diren hobekuntzak ahalbidetzeko neurriak abian jartzeko, Genero Berdintasuna sustatzeko Egitasmoa garatuko du udalerriko Gizarte Ekintza Sailak. Mikel Arieta-Araunabeña alkateak gaur azaldu duenez, "udal erakundeko langileak ez ezik, horrela eskatzen duten herriko kolektiboek ere", tresnatzat erabili ahal izango dute gomendio-eskuliburua egiterako orduan lortutako emaitzak, genero berdintasunean sakontzeko. Horrela, udal sail guztiak koordinatzeaz gain, genero indarkeria eta antzeko gaiak landu, eta gizartean emakumearen presentzia areagotzeko informazio kanpainak martxan jarriko dituzte. Horretaz gain, herriko agente guztien eskuhartzea eta elkarlana bultzatu nahian, enpresa, hezkuntza eta gizarte erakundeetara zabaldu nahi dute egitasmoa.
Aukera berdintasunaren alorrean herritarrak sentsibilizatzeko, Erandioko Udalak antolatutako jardueren barruan dago Genero Berdintasuna sustatzeko Egitasmoa. Besteak beste, genero indarkeriaren prebentzioa, lan-trebakuntza, Gizartearen jarreren aldaketa, elkartegintza emakumeen artean edota udal administrazioan berdintasunaren aldeko neurriak bultzatuko dituzte egitasmoaren bidez.

Neurri zehatzei dagokionez, jardunaldiak antolatuko dituzte, genero indarkeriaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko. Horretaz gain, Erandioko baserriguneetako emakumeei zuzenduta, aisialdi tailerrak martxan jarriko dituzte, hauek zonalde horietako egoeraz hitzegin eta esperientziak elkartruka ditzaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun