Ikasketak euskaraz egiten jarraitzera animatu ditu gazteak Erandioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 3a, 22:24
Erandioko Udaleko Euskara Sailak gutun bat bidali die 1988an herrian jaiotako 194 gazteei eta beren gurasoei, jarduera akademikoa eta profesionala euskaraz egiten jarraitzera animatuz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako balizko ikasleak dira gazte horiek.
"Goi batxilergo eta prestakuntza zikloetarako matrikulazio epeak zabaltzen hasi diren egun hauek gogoeta-uneak dira seguraski zuetariko askorentzat. Luzaro gabe aukeratu beharko dituzue etorkizun pertsonal eta profesionalik onena bermatuko dizueten irakaskuntza zentro eta ikasketak. Erabaki garrantzitsua hartu beharrean zarete, beraz, eta erabaki horretan aintzat hartu beharko duzue gure udalerriari eta Euskal Herriko gizarte osoari eragingo dien faktore bat ere: hezkuntzako hizkuntz ereduaren hautaketa", dio idazkiak.

Euskararen ezagutza eta garrantzia apurka-apurka handituz doala azpimarratzen dute Erandioko Udaletik, eta, horrekin batera, euskal gizarteak euskararen presentzia eta erabilera bizitzaren esparru guztietan areagotu dadila eskatzen duela gaineratzen dute.

Ildo horretan, hizkuntza ofizial biak (euskara eta gaztelania) baldintza berdinetan bizitzeko gizarte anitza eratu nahi bada, beste formularik ez dagoela azaldu du Aitziber Oliban Erandioko Udaleko Euskara zinegotziak.

Horrela, Olibanek gogoratu duenez, "adituek ohartarazi bezala, oraingo adinean euskarazko ikasketak uzten badituzue, batez ere familiaren ingurunean euskaraz egiteko aukerarik ez duzuenok, laster hasiko duzue hizkuntza trebetasunen galera-prozesu geldo baina etengabea".

Azkenik, Erandioko Udaleko ordezkariak ikasle zein gurasoei adierazi die argi izan behar dutela euskaraz ikastea "eskubide alienaezina" dela, eta "eskubide hori erabiltzeak zuen etorkizuneko aukerak hobetu ditzakeela".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun