Erandioko Udalak 24 auzotarrei eman die lana

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 11a, 23:29
Udalerriko 24 langabetu kontratatu ditu, sei hilabetez, Erandioko Udalak, hainbat zeregin aurrera eraman ditzaten. Besteak beste, atzo hasi eta hilaren 17ra arte luzatuko den trebakuntza ikastaroa jasoko dute aukeratuta auzokideek. Epe hori amaituta, zortzi lagunek osatutako hiru talde egin eta landabideak garbitu, adinekoak eta ezinduak zaindu eta udal araudiak betearazteaz arduratuko dira. Azken bi zeregin hauek aurten jarri dira abian. Laneratzeko arazoak dituzten pertzonak trebatzeko asmoz, Auzolan egitasmoaren barruan dago ekimena.
Sei gizon eta bi emakumek osatuko dute lehenengo taldea eta naturguneak garbitu eta berreskuratu, bideak eta errekak zaindu, berdeguneetatik sastrakak kendu eta kutsatutako lurrak garbituko dituzte, besteak beste. Mikel Arieta-Araunabeña alkateak adierazi zuenez, udal-aparejadore baten gainbegiradapean lan egingo dute eta "horrek erabakiko du zer egin behar den eta zer ez, garrantzia kontutan hartuta".

Beste alde batetik, adinekoak, ezinduak eta haurrak zaintzeko zortzi emakumeek txandaka lan egingo dute. Besteak beste, guzti horien elikatzeko ohiturak hobetu, botiken gehiegizko hartzea gutxitu, autoestimua landu eta haurtzaindegi bat zabaltzen lagundu beharko dute.

Azkenik, "herrigunea zaindu eta bitartekaritza lanak egiteko agenteen zerbitzua" delakoan egongo dira gainontzeko lau emakume eta lau gizonek. Hain zuzen ere, zarama birziklapena, berdegune edota animalien jabetzaren gaineko udal araudiak betearaztea izango da hauen lana. Baita auzotarren kexak jaso, gaizki aparkatutako ibilgailuen berri eman eta eskoletarako sarrera-irteeretan trafikoa zaindu ere.

Auzolan egitasmoa iaz jarri zuten martxan Eusko Jaurlaritzak eta Erandioko Udalak, lan merkatuan sartzeko arazoak dituen bakoitzari neurriko irtenbidea emateko asmoz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun