Reality showak - Unai Brea / Kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 18a, 00:20
Astero-astero, eta nire lanbidearen kariaz, telebistari buruzko orrialdeak sinatzen ditut (are gehiago, idatzi ere bai) euskarazko aldizkari batean. Urtarriletik nabil eginkizun horretan eta, orduz geroztik, hainbatetan egokitu zait reality show deritzen horietaz idaztea. Orain arte, baina, ezin izan dut telebista-saio mota horietaz benetan pentsatzen dudana esan, politikoki zuzena izateagatik eta, kazetari legez, objetibotasunari zor diodanagatik. Ukberrikoek, ordea, ez didate eskatu ez politikoki zuzena ez objetiboa izatea, eta beraz, zutabe honetaz baliatuko naiz neure iritzia gordin emateko.
Reality showak kakazahar hutsa dira. Horra abiapuntu argia. Hasteko, etikaren ikuspegitik ez dituzte oso oinarri sendoak. Bertan parte hartzen dutenek askatasun osoaz parte hartzen dutela esango didazue, eta egia da; baina pertsonaje horiek ere ez dituzte, etikaren ikuspegitik, oso oinarri sendoak, horixe da kontua. Reality show batean parte hartzea onartzea bada, nire ustez, horren froga argia, baina norbaitek, hala ere, zalantzak baditu, telebista piz dezala edozein ordutan eta entzun ditzala reality show batean parte hartu dutenek beste saio batzuetan esaten dituzten astakeriak. Reality showen beste alderdi jasangaitz bat da hori: telebista osoa eurenganatzen dute.

Bestetik, non dute errealitatea reality showek? Zer errealitate dago kamera bat etengabe begira duzula jakinez gero? Reality showetan parte hartzaileek bizi dituzten baldintzak ez aipatzarren. Hori bada errealitatea, zer da nik egunero bizi dudana? Ametsa? Benetako errealitatea erakutsi nahi baligute, ez lukete esango kamerak daudenik, eta ez lukete ezezagun talde bat auskalo zein etxe prefabrikatutan elkartuko. Kamerak kalean paratuko lituzteke, besterik gabe, eta kitto. Atutxak bezala.

Hirugarrenik: reality showak zeharo aspergarriak dira. Eta higuingarriak. Zergatik hainbeste jenderi gustatzen zaizkien, misterio iluna da niretzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun