Kaleko Artisten Umore Azokak 50 konpainia inguru bilduko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 21a, 23:21
Maiatzaren 27, 28, 29 eta 30ean Umore Azoka ospatuko da Leioan. Mundu osotik etorritako berrogeita hamar konpainiak hartuko dute parte; arte eszenikoen profesionalak izango dira bertan. Besteak beste, lau egunetan zehar, 120 ekitaldi egingo dira. Hamaika kaleko eszenatoki izango dira herrian eta guztira, 10 estreinaldi aurkeztuko dira. Gainera, aurtengo edizioko berrikuntzen artean, berez Kultur Leioa areto berria irailan zabaldu behar duten arren, bertako auditoriuma inauguratuko dute Azokako ekitaldiak egiteko.
Umore Azoka 2004k aurkezten duen egitarauaren kalitateaz gain, antolatzaileek eta kolaboratzaileek Leioako Azokak duela 5 urte jaio zenetik ezagutu duen etengabeko hazkundea azpimarratu dute. Azoka hau arte eszenikoetan parte hartzen duten gizarte-eragileen erakustoki eta topagune izateko asmoarekin jaio zen.

Edizioz edizio handitu egin da bertan parte hartzen duten konpainien kopurua; baita Umore Azokara hurbiltzen diren arte eszenikoen profesionalen eta maitaleena presentzia ere.

Hartu-eman kulturalaz gain, Leioako Umore Azoka zirko, antzerki eta dantza ikuskizunen elkartrukerako gunea da. Beraz, Azokak herria bertako eta kanpoko profesionalen eta ikuslegoaren elkargunea da.

1996an lehenengoz

Leioako Udaleko Kultura Arloa 1996tik ari da antolatzen Umore Azoka. 1999. urtera arte, ikuskizunak barruan (eraikinen barruan) egiten ziren.

Lortutako arrakastak animatuta, 2000. urtean apustu berria egin zen, eta Kaleko Artisten Umore Azoka sortu zuten. Horrela, bada, eta 2000. urteaz geroztik, Leioa kaleko umore antzerkiko konpainia, programatzaile eta zaleen topagune eta eszenatoki bihurtzen da lau egunez.

Aurtengo edizioko egitarau osoa eta Azokaren gaineko informazio gehiagorako:

http://www.umoreazoka.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun