Lanuzteekin jarraituko dute aste honetan udal administrazioko langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 8a, 23:56
ELA eta LAB sindikatuek gaur adierazi dutenez, aste honetan zehar lanuzte gehiago izango dira EAEko 33 udalerritan eta Bizkaiko Foru Aldundian, udal eta foru administrazioetan hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko. Besteak beste, Uribe Kosta eskualdeko Getxo, Leioa, Berango eta Gorliz herrietan egingo dira protestak.
Bi sindikatuen esanetan, joan den astean hogei bat udalerritan egin ziren lanuzteei gehitzen zaizkie aste honetan egingo direnak. Horrela, Gipuzkoako Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta, Urnieta, Bergara, Astigarraga, Idiazabal, Beasain, Ordizia, Tolosa, Andoain, Urretxu, Zarautz, Zumaia, Getaria, Azpeitia eta Donostiako udaletako; eta Bizkaiko Mungia, Getxo, Leioa, Berango, Gorliz, Lekeitio, Ondarroa, Gernika, Iurreta, Basauri, Barakaldo eta Bilboko udaletako, Lea-Artibaiko Mankomunitateko eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileek lanuzteak egingo dituzte.

Arabari dagokionez, Agurain eta Barrutiako udaletako langileak gehitu dira aste honetako lanuzteetara, eta asanbladak burutuko dira Gasteizko Udalean eta Arabako Foru Aldundian. Lanuzteak ordu eta erdikoak edota egun osoakoak izango dira, asanblada bakoitzak erabakitakoaren arabera.

Sindikatuek azaldu dutenez, Bermeo, Arrigorriaga, Durango eta Zornotzako udaletan konpromisoak lortu dira dagozkien hitzarmenak negoziatzen hasteko.

18.200 euroko gutxieneko soldata

Lanuzteak ELAk eta LABek deitu dituzte, EAEko udaletako eta diputazioetako gobernu organoak osatzen dituzten alderdi politikoek "ezezkoa" eman diotelako dagozkien hitzarmenak negoziatzeari. Sindikatuek KPI gehi 600 euroko soldata igoera langile guztientzat eta 18.200 euroko gutxieneko soldata exijitzen dute sektorean existitzen den behin-behinekotasun egoerari aurre egiteko. "Behin-behinekotasun hori, subkontratazio, kontrata, kanporatze eta zerbitzuen pribatizazioz mozorrotuta agertzen da", gaineratu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun