EHUko Odontologia Klinikak 1.100 bezero berri izan ditu ikasturte honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 14a, 23:46
EHUko Leioako campuseko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean dagoen Odontologia Klinikak berriz ere gainditu du, bigarren urtez jarraian, bezeroen gehieneko kopurua. Izan ere, ikasturtea amaituta, zerbitzuaren arduradunek urteko jardunaren balorazioa egin dute, eta klinikak 1.100 bezero berri izan dituela egiaztatu dute. Datu ekonomikoei dagokienez, bezeroen hazkunde horrek 158.445 euroko diru-sarrera ekarri dio klinikari 2003-2004 ikasturtean, hau da, Odontologia Klinikak iazko ikasturtean izandako diru-sarreren ehuneko 13,7 gehiago izan du aurten, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez.
Aipatutako iturrien arabera, datu hau garrantzitsuagoa da kontuan hartzen bada Odontologia Klinikak ez dituela tarifak aldatu azken hamar urteotan. 2002an izan ezik, eta orduan ehuneko 2 besterik ez zituen igo. Horrela, datuek erakusten dute 2000. urtean izandako diru-sarrerak (10 milioi pezeta) aurten ia bikoiztu egin direla.

EHUko Odontologia Klinika orain dela 25 urte hasi zen lanean. Bertan, praktika klinikoak egiten dituzte Odontologiako Lizentziaturako ikasleek, beti ere talde kualifikatu baten begirada zorrotzaren pean. Klinikako diagnostiko eta terapia zerbitzuak edozein klinika pribatutakoen kalitate berekoak dira, baina gainera klinikak oso tarifa komenigarriak eskaintzen ditu, sektore horretan erabili ohi direnen aldean. EHUko kideez gain, Odontologia Klinikak unibertsitatetik kanpoko bezeroei ere eskaintzen dizkie bere zerbitzu espezializatuak.

Modu honetan dago osatuta EHUko Odontologia Klinikako lan taldea: 50 ikasle, bikoteka dihardutenak; 60 irakasle, guztia gainbegiratzen dutenak klinikak zerbitzu egoki eta kalitatekoa ematea bermatzeko; beste hamar bat lagun, zuzendaritza eta administrazio zereginetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun