Euskal selekzioaren eguna ospatuko dute bihar Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 2a, 21:03
Astrabuduko hainbat kultura eta kirol taldek antolatuta, euskal selekzioaren aldeko eguna ospatuko da larunbat honetan aipatutako Erandioko auzoan. Kalejira alai eta zaratatsu batez hasiko da jaialdia goizean goiz. Zanpantzarrak, gaiteroak eta trikitilariak ere egongo dira bertan. Goiz erdian, berriz, jaiaren aurkezpena egingo da Trabudu plazan, bertan Esaiteko kideak eta kirolariak parte hartuko dutelarik. Aurkezpena osatzeko, euskal dantzak eta bertsolariak izango dira. Herri bazkarian sabelak bete ostean, Txan Magoa, herri kirolak eta Kick-Boxing erakusketak ikusteko aukera egongo da. Eta azkenik, gau partean, Roberto eta Kepak alaituko dute erromeria. Astraburuko jendeaz gain, Uribe Kosta eta Txorierri eskualdeetako jendeari dei egin nahi diote antolatzaileek euskal selekzioaren aldeko egunean parte hartzera.
Urtean zehar Astrabuduan euskal kultura eta kirola sustatzeko oso ekitaldi gutxi egiten direla ikusita, zer edo zer antolatzea bururatu zitzaien auzoko hainbat gazteri. "Euskal selekzioarena aitzakia ederra eta garrantzi handiko aldarrikapena iruditu zitzaigun", adierazi zuten antzolatzaileek orain dela pare bat aste "UK" aldizkariak argitaratutako elkarrizketan.

Behin ideia edukita, Astrabuduko kultura eta kirol taldeekin hitzegitea izan zen eman zuten lehenengo urratsa. Berehala, Atxazpe Mendi Taldea, Ipar Haize txistu taldea, Trabudu Dantza Taldea, Astrabuduko Kick-Boxing taldea eta Askobegi Athletic Peña batu zitzaizkien proposamena lantzen hasteko. Esait-ekoekin kontaktuan jarri eta eurek ere begi onez ikusi zuten jaia antolatzea. Horretaz gain, Erandioko Udalaren laguntza ekonomikoa eta teknikoa jaso dute.

Egitarau osoa ikusi agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun