Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da Berangoko II Igoera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 6a, 22:23
Uztailaren 10ean egingo den Berangoko II Automobil Igoera aurkeztu da gaur udalerri horretako batzar aretoan. Lehenengo edizioa ez bezala, aurtengoa Euskadiko Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Miren Dobaran alkatesak nabarmendu duenez, garrantzi handiko ekitaldia da hurrengo larunbatekoa, batez ere, berangoztarren artean dagoen automobilismorako zaletasunagatik eta herrian bertan dauden pilotoengatik. "Eurak arduratu dira antolaketaz eta, bide batez, motorraren munduari egun bat eskaintzeko aukera aprobetxatu nahi izan dugu", adierazi du. Horretaz gain, lehiaketaz aparte, Moreaga kalean kotxe erakusketaz gozatzeko aukera edukiko dute auzotarrek, Dobaranek gogoratu duenez. Azkenik, "ezbeharrik egon ez dadin, horrelako ekitaldi batetan egoten diren segurtasun neurriak errespetatzeko" eskatu die ikusleei alkatesak.
Manuel Villaverde Euskadiko Automobilismo Federazioko presidentea; Felix Mugika Nervion automobil-taldeko burua eta; Josu Ugarte, Javier Martinez eta Juan Carlos Esteban pilotoak ere egon dira udaletxean egin den aurkezpenean. Besteak beste, Berangoko II Igoerak daukan garrantzia nabarmendu du Villaverdek, batez ere, Euskadiko Txapelketarako puntuagarria delako. "Horrek kalitate handiagoa ematen dio. Piloto hobeagoak izena emateaz gain, ikusle gehiago bilduko delako", azaldu du. Guztira, 28 lagunek parte hartu zuten karreran igaz; aurten, berriz, 54 pilotok izena eman dute jada.

Horrela, 10:00etatik aurrera, egiaztapen frogak egingo dituzte. Hasiera, berriz, 15:00etan izango da Arrateko bidegurutzean, Pozozabale Gainan amaiera emateko. Azkenik, Ikaza parkean banatuko dira sariak, 20:00etan. Besteak beste, Aitor Zabaleta 2003ko Euskadiko txapeldunak parte hartuko du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun