Erdi Aroako giroan murgilduko da Gorliz asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 8a, 21:16
Antzinako garaietara eramango dituen jai giroaz gozatu ahal izango dute, asteburu honetan, gorliztarrek zein beste hainbat tokietatik joandako bisitariek. Izan ere, ostiralean hasi eta igandera bitartean, Erdi Aroko Azokaren lehendabiziko edizioa ospatuko dute Gorlizen. Besteak beste, malabaristek, zangaluzeek, bufoiek eta abarrek beteko dituzte kale bazterrak. Gainera, txikienek toki berezia izango dute azokan, eurentzako bereziki prestatutako sormen-tailerrak, jokoak eta ipuin-kontalariak egongo baitira.
Bihar 19:00etan irekiko ditu ateak Gorlizko I. Erdi Aroko Azokak. Besteak beste, asto gainean ibilaldiak egin eta arku-tiroa praktikatu ahal izango dute bisitariek.

Beste alde batetik, larunbat goizean, 11:00etan, musikariek eta pregoilariek beteko dituzte kaleak. Txikienek ere izango dute jarduerez gozatzeko aukera. Horrela, 13,30etik aurrera, azokarako prestatu diren sormen-tailerretan parte hartu ahal izango dute. Eta joko ezberdin eta dibertigarriak izango dituzte.

Arratsaldez, 18:00etan hasita, kalejira egongo da azoka bisitatuko duen Erret Gortearekin, eta, horrekin batera, musikariak, zangaluzeak eta malabaristak helduko dira. Ondoren, 20:00etan, "Romancero" izenburuko ipuin-kontalarien ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute haurrek. Eguna bukatzeko, La Familia Pobrez taldeak kale antzerki emanaldia eskainiko du.

Igandean ere 11:00etan zabalduko da azoka. Ordubete geroago, Los Alegres Tarados del Ritmo taldeko kideek musikaz beteko dituzte Gorlizko kaleak. Geroago, 13:30ean, animazioa hasiko da merkatuan, eta bufoiek eta malabaristek eskainiko dituzten ikuskizunez gozatu ahal izango da.

Azken egunean ere egongo dira haurrentzako jolasak, ipuin-kontalariz eta zuzeneko musikaz lagunduta, 18:00etatik aurrera. Bi ordu geroago, sabeleko dantza ikusi ahal izango dute bisitariek, eta Ekialde Urrunetik ibilalditxoa egingo dute suarekin arituko diren malabarekin.

Gaueko 21:00etan, La Familia Pobrez taldeak berriz ere eskainiko du kale-antzerki emanaldia. Azkenik, 22:00etan bukatuko da Gorlizko Erdi Aroko Azokaren lehenbiziko edizioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun