Hondartzako langa dela eta, Ingurumen Ministerioan salaketa jarri du EKAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 9a, 19:56
Kontsumitzaileen elkarteari erantzunez, areatzetara sartzea "librea eta doakoa" dela adierazi du Sopelako alkateak

Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzan salaketa aurkeztu du Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA), bere ustez, herriko "hondartzetara sartzea eragozteko, Sopelako Udalak langa jartzea Kosta Legea eta honen garapenerako araudia urratzen duelako". EKAkoen hitzetan, "herritarrok dauzkagun bi eskubide bortxatzen dira: alde batetik, hondartzara sartzeko askatasuna edota eskubidea, eta, beste aldetik, ingurumenaz gozatzeko eskubidea". "EKAk adierazitakoaren aurka", Sopelako hondartzetara sartzea, edozein pertsonarentzako "librea eta doakoa" dela erantzun du gaur, prentsa ohar bidez, Imanol Garai alkateak.
Aipatutako langa lehenbailehen kentzea, hondartzadako sarrera librea eta doakoa izatea eta ibilgailuak aparkatzeko lehen erabiltzen ziren guneak berreskuratzea eskatzen du EKAk. Horretaz gain, Barinatxeko parkingean ezarritako aparkatzeko tasa "konstituzioaren aurkakoa eta baztertzailea" dela uste dute erakundekoek. "Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua urratzen du, denok berdinak garela esaten duena alegia", nabarmendu dute. Izan ere, sopeloztarrek eta Uribe Kostako surflariek (EHSFk eta Udalak sinatutako akordioari esker) tasa ordaindu behar ez dutela salatu nahi dute kontsumitzaileen elkartekoek. Gainera, "gehiegizkoa" jotzen dute tasa, "bost minutuko estantzia zein egun osokoarena prezio bera dutelako: bost euro"

"Herritar guztien zerbitzura"

Imanol Garai alkateak, bere aldetik, neurri horiek "babestutako kostaldeko eremua zaintzeko" hartu direla adierazi du. Azaldu duenez, "Sopelako Udala bera da herriko ingurumena zaintzen lehenengo interesatua. Hori dela eta, aparkalekuak erregulatu, hondartzetako guneak oinezkoentzat jarri eta autobusak baliatu ditugu bertara joateko. Bide batez, gure hondartzetan zirkulazio-anabasa ekidin eta oinezkoei bidea erraztea lortu nahi dugu". Azkenik, Sopelako Udalaren jarduna "sopeloztar guztiei zerbitzua emateko eta araudiak betetzeari begira" zuzenduta dagoela adierazi du Garaik, "baita ostalariei ere".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun