"Zapalketa politikoa" erabiltzea egotzi dio alkateari Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 15a, 22:49
Agintaldiko lehenengo urtean, EAJ eta EA alderdiek osatutako gobernu batzordeak "zapalketa politikoa" erabili duela adierazi du gaur, prentsa ohar bidez, Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaleak. Bere hitzetan, etengabe erabili dute daukaten gehiengoa oposizioko taldeen ekimenak eztabaidatuak izan daitezen galarazteko, "edozein udal administrazioan egon behar duen debate publikoa eta irekia errotik moztuz". Horretaz gain, Mikel Arieta-Araunabeña (EAJ) alkatearen jokabidea hainbatetan "legez kontrakoa" izan dela aipatu du popularren ordezkariak, "aukeratutako zinegotzia bailitzan, Erandioztarrak plataformako kide bati hitza eman diolako udalbatzar bat baino gehiagotan", "bozkatzeko aukera ere" eman dietela gaineratuz. PPko zinegotziak esandakoaren arabera, "fiskaltzara joko genuela esan genionean baino ez zuen atzera egin. Hala ere, legez kanpoko plataformak normaltasun osoz erabiltzen du udaletxeko bulegoa". Ildo berean, kartzelara bisitatzera joateko preso politikoen familiarrei ematen zaizkien dirulaguntzak kritikatu ditu, baita aurten lehendabiziko aldi Elkarriri emandakoa ere. Dirulaguntzak emateko politikari "alderdikoia" iritzi dio Ruizek.
"Hain larria izatera heldu da egoera, alkatearen jarreragatik protestatzeko, behin udalbatza uzteko erabakia hartu behar izan genuela", salatu du Javier Ruizek. Hala ere, bere hitzetan, egoera aldatu egin da azken bi hilabetetan. Dena den, "tentuz" ibiliko direla adierazi du Erandioko PPko bozeramaleak, "gauza bera gertatuko delako, oposizioak aurkeztutako ekimenen bat gobernu batzordeari gustatzen ez bazaio".

"Iruzurra"

Beste alde batetik, udal gobernuak eramandako aurrekontuen kudeaketa ere gaitzetsi du Ruizek. "Diruzaintzako gaineratikoa lau milioi eurotara heldu da. Ondorioz, ezin izango dira aurrikusitako inbertsioetatik asko egin", azaldu du. Hori dela eta, auzotarrei "iruzur" egitea leporatu dio alkateari, "azkenean betetzen ez diren hainbat egitasmo iragartzen direlako".

Azkenik, bildutako diru-kopuruari dagokionez, "Udalak 53 milioi euro dauzka kobratzeko", zinegotzi popularraren hitzetan, "eta bitartean, zergak goraka doaz".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun