San Lorentzo jaiak Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abu. 5a, 20:26
Ostiral honetan hasi eta datorren asteartera arte (abuztuak 10) luzatuko dira San Lorentzo jaiak Astrabuduan. Bihar, 18:30ean abiatuko dira kuadrilak Hiru Gurutzetatik, fanfarria, trikitrilari, txistulari eta gaiteroen laguntzaz; ordu bete beranduago Josu Murueta plazan amaitzeko. Bertan, suziria bota eta pregoia irakurriko da. 20:00etan, aldiz, bidean gora joango dira futbol zelairaino. Bertan, futbol txapelketako finala ikusteko. Gauean egongo da zer aukeratu, aurtengo jaiak ospatuko diren hiru gune nagusietan beste horrenbeste musika emanaldi egongo baitira 23:30etik aurrera: txitxarrillo Josu Murueta plazan, DJ Txotxorekin disko festa Consulado kalean eta Amaiur taldearekin erromeria Jose Andres Mendiguren enparantzan, alegia. Hain zuzen ere, 'Mendi' ezizenez ezaguna, Trabudu Dantzari Taldearen sortzaileetakoa zenaren izena jarri dioten plaza berria ekitaldietarako erabiltzea izango da aurtengo festetako berrikuntzarik nabarmenena. Astrabuduko San Lorentzoen azken egunean inauguratuko dute Jose Andres Mendiguren enparantza.
Asteartera bitartean egongo da zer gozatu Astrabuduko San Lorentzo jaietan. Umeentzat prestatu dituzten hamaika jarduera eta herri kirol saioak alde batera utzita, aipatzekoak dira egingo diren gastronomia lehiaketak. Besteak beste, marmitako txapelketa egongo da larunbatean, sukalkia igandean eta 14 urte bitarteko tortilla lehiaketa astelehenean. Epaile lanetan ibili behar direnak ez dute lan makala izango. Musikari dagokionez ere ez dira motz gelditu. Txitxarrilloa eta erromeriez aparte, Betagarri, Urgabe (larunbatean) eta Reincidentes (astelehenean) taldeek emango dituzte kontzertuak.

Hala ere, ez ahaztu eskualdeko beste hainbat tokitan jaiak jarraitzen dutela igandea bitartean, Gorlizen eta Erromon hurrenez hurren.

Ikusi egitarauak agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun