Abuzturako zutabe ezin aproposagoa - Unai Brea / Kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abu. 24a, 20:09
Honelako zutabe bat idazteak zorabioa sortarazten du askotan. Bakarrik dago zutabelaria bere erronkaren aurrean, paper (lehen) edo pantaila (gaur egun) zuria zain duela, idazlearen urduritasunaz axolabako. Buru barruan, alegiazko erloju baten tik-tak kupidagabeak ez du gehiegi laguntzen gogoa baretze aldera. Ideiak ez datoz, edo datozenak txarrak dira, eta gutxi falta da zutabea emateko epea amaitzeko, beti bezala. Berdin dio zutabea idazteko hilabete osoa edukiteak. Ganorazko kazetari batek azken unerako utziko du lana. Zertarako egin gaur bihar ere egiteke utz daikeena?
Konturatu orduko, paragrafo oso bat idatzi du zutabelariak. Zutabelari etsituaren ohiko errekurtsoaz baliatu da: zer esan ez jakiteak sortarazten dizkion buruhausteak adierazi dizkio balizko irakurleari (askotan galdetzen diot neure buruari: norbaitek irakurtzen ditu nire zutabeak, izenburutik harago?). Gainera, lehen paragrafoaren iruzkinak bigarrenaren zati ederra betetzeko balio izan diola ohartu da pozarren. Karaktere kopurua zenbatzeko unea da. Botoi egokia sakatu eta… 1098. Erdia baino gehiago! Primeran! Kontzientzia itxartu da orduan, irakurleei eta web guneko arduradunei egindako iruzurra aurpegiratzeko asmoz. Baina ez da gehiegi itxartu, kontzientzia koitadua. Begi bat baino ez du ireki. Zutabelariak esan dio oraindik ez dela ordua, iratzargailua domeka goizez amatatzen den amorruaz amata eta lo apur bat gehiago egin dezakeela. Zutabea amaitu arte, behintzat.

Tira ba, esan du kontzientziak, zuk hala badiozu… eta begi biak itxi ditu berriro. Baina orain zurrunka ari da. Lotan ere ezin pakerik eman. Hara, pentsatu du zutabelari iruzurgileak, guztiz esnatutakoan azalduko diot azken batean zutabe honen gaia guztiz askea zela esan zidatela, egitea proposatu zidatenean. Eta ezertxo ere ez esateko erabakia hartzea ez da, ba, askatasun ariketa? “Bai”, erantzun du kontzientziak ametsetan, “baina…”. Barka biezadate abuztu erdian zutabe hau irakurtzen hasteko ausardi paregabea izan dutenek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun