"On egin" baten inguruko gogoetak - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 16a, 00:10
Uda honetan opor egun batzuk eman ditut Burgosko probintziaren iparraldean, hainbeste leku izenek (Villabáscones, Basconcillos, Amaya, Pedro Abarca...) duela mila urte inguru herrialde horren birpopulazioan euskaldunok izandako garrantzia oraindik salatzen duten tokietan. Paisaia harkaiztsu ederrak, eliza erromaniko zoragarriak eta herri arkitektura ikusteko ingurune interesgarriak benetan.
Egun batean, seme txikia eta biok Espinosa de los Monterosen ginela, bertako jatetxe batera sartu ginen bazkaltzeko asmoz. Menuko jakiak aztertzen geundenean elkarren artean euskaraz hitz egiten genuela ikusita, zerbitzariak, eskaturikoa ekarri zigunean, begikotasun handiz “on egin” esan zigun euskaraz.

Gauza jakina denez, Burgosko iparraldeko herritxoetan jende euskaldun asko egoten da uda aldean, eta hango kaleetan euskaraz mintzatzen maiz entzun daiteke. Hortaz, jatetxe horretako zerbitzariak euskaldun udatiar ugari horien hizkuntzaz ere zerbait jakitea bidezkoa eta egokia iruditu zitzaion, bezeroak erakartzeko. Ene aldetik, zinez diotsut, bete-betean lortu zuen, Espinosako plaza nagusiaren erdian dagoen jatetxe horren menu on eta zerbitzu bikainagatik hurrengoan ere bertara joateko asmoa dut eta.

Baina ohikoa, arrunta eta eguneroko ogia bezain ezaguna izan beharko litzatekeen portaera zibilizatu hori, zoritxarrez, ez da hain sarritan gertatzen. Auzoko erdal herrietan maizago ikusi ohi ditugu euskaldunok aurpegi txarrak, gure artean euskaraz egiten entzuten gaituztenean. Eta euskararen aurkako jarrera horrek zer pentsa ematen du. Euskara, galiziera eta katalana bezala, konstituzioz ‘Espainiaren ondare’ eta ‘babes berezia merezi dutenak’ eta legez Estatuaren herrialde batzuetan legez ofizialak baldin badira, zergatik ez dituzte espainol erdaldunek ere aintzat hartu behar? Justiziazkoa al da gainerakoek haien hizkuntza nahitaez ikastera eta jakitera beharturik egotea, berek, aldiz, gureaz deus ez jakiteaz gainera, beren mespretxua guri aurpegi-aurpegira agertzea? Anaitasun-sentimendu gutxi sortzen ditu jarrera horrek. Ez ote litzateke zentzuzkoagoa, alderantziz jokatzea, hots, Espinosako jatetxeko zerbitzariaren antzera, auzoen mintzairari errespetuz eta begikotasunez begiratzea.

Horretarako, irakaskuntzak eta eskoletako hezierak, hedabideekin batera, Espainiako beste hizkuntza ofizialen berri ere eskaini beharko lituzke, guztiena ez bada, albokoena behinik behin. Horrenbeste kostatuko litzaieke, adibidez, gaztelauei egun on, arratsalde on, gau on, ongi etorri, ondo ibili edota on egin esaten ikastea? Ez dut uste, bestalde, euskal hitzen ortografiaz zerbait jakiteak inori kalterik egingo liokeenik. Horrek saihestu egingo luke irrati eta telebistako erdal esatari batzuek, adibidez, Getxo aipatzean ‘Jetkso’ moduko ebakera irrigarriak botatzea.

Barruti politiko berean egoteak elkarren artean harremanak izatea esan nahi du, eta egonkortasunak, justiziak eta berdintasunak tratu hori malgua eta norabide bikoa izatea eskatzen du, euskaraz harreman hitzak daukan etimologiaren arabera: hartu bai, baina eman ere bai, alde batetik eta bestetik, morrontzarik gabeko parekidetasun orekatuan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun