Angel Aranguren izan daiteke bostgarren atxilotua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 29a, 14:43
Polizia iturriek jakitera eman dutenez, Angel Aranguren izan liteke ustez ETArekin zerikusia dutelakoan goizaldean atxilotutakoetatik bostgarrena; Berangoko Txanteltxu pasealekuko etxebizitzan atzemandakoa agian. Izan ere, hasieratik, atxiloketak Arrigorriagan, Sopelan, Berangon eta Bañezan (Leon - Espainia) izan direla adierazi dute albiste agentziek, polizia iturrien informazioak aipatuz. Hala ere, hainbat hedabidetan oihartzuna eduki duen prentsa oharraren bidez, lau lagunen izen-abizenak baino ez ditu eman Askatasunak. Hauek lirateke atxilotuak: Amaia Ibarra eta Josu Alvarez Arrigorriagan, Oscar Elezaga Itzubaltzeta - Erromon eta Jabi Ganuza Leongo Bañeza herriko hotel batean zegoela, baina Sopelara eraman dute gero. Basauritarrak dira laurak eta ETAri laguntzea egotzi diete. Atxiloketa-autoaren arabera, lau lagunek zigorturik zeuden bost basauritarri ihes egiten lagundu zieten. Askatasunak, berriz, kezka agertu du jaso dezaketen tratuagatik. Argazkian: Arrigorriagan atxilotutako bat.
Polizia Nazionaleko agenteek hainbat etxebizitza arakatzen ari dira une honetan aipatu herrietan. Agentziek zabaldu dutenez, Audientzia Nazionalak agindu du operazioa, Ibon Fernandez de Iradi, "Susper" ustezko ETAkideari Frantzian atzemandako dokumentazioan oinarrituta, eta bost atxilotuak erakunde armatuko "Muga" aparailuarekin lotu dituzte. Polizia Nazionalaren Zuzendaritza nahiz Bilboko Buruzagitza Nagusia ari dira garatzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun