Etxegorri kalea oinezkoentzat egingo dute Josu Murueta eta Aldaieta artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 7a, 21:29
Iturrimingo kaleko aparkalekuan 130 kotxeentzako lekua egingo dute, horietatik lau toki ezinduentzat

Astrabuduako Etxegorri kalea oinezkoentzat egiteko obren bigarren fasea Laumora enpresari esleitzea onartu du orain egun batzuk Erandioko Udalak eta laster ekingo diete lanei. Besteak beste, 396.333 euroko aurrekontua dute obrek eta bi hilabetetan amaituta egotea espero dute. 125 metroko luzeera eta 15 metroko zabalera duen kale zatian egingo dituzte obrak, Josu Murueta plaza eta Aldaieta kalearen artean, hain zuzen ere. Kale horren goiko aldea orain dela gutxi egin zuten oinezkoentzat.
Oraingoak baino zabalagoak izango dira espaloiak eta zamalanetarako eta zarama-ontzietarako tokiak berrantolatuko dituzte. Horretaz gain, elektrizitate, telefono eta ur-horniketa sareak hobetzeko aprobetxatuko dituzte lanak.

Iturrimingoko aparkalekua

Astrabuduako Ignazio Aldekoa ikastetxe publikoaren ondoan dagoen aparkalekua egokitzeko lanak hasi ditu Erandioko Udalak. Obrak Iturrimingo, Mezo eta Etxegorri kaleetako auzokideei zerbitzua ematen dion ur-horniketa sarea aldatzeko lanekin batera egingo da. Aparkalekuak 130 kotxeentzako lekua izango du, horietatik lau toki ezinduentzat izango dira. Egitasmoa gunearen urbanizazioarekin gauzatuko da. Besteak beste, pasealeku txiki bat, berdeguneak eta haurrentzako jolaslekua ere jarriko dituzte. Astrabuduan ostiralero egiten den kale-merkatua aparkaleku horretara betiko aldatzea pentsatzen ari dira udal agintariek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun