Monte Cienciasen aurka Getxo Arteak aurkeztutako salaketa ez du onartu Espainiako Federazioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 15a, 16:57
Irailaren 19an Faduran jokatu zen Monte Cienciasen aurkako Ohorezko Mailako partida dela eta, Ivan Moro, German Pinna eta Ivan Lopez jokalariak zelairatzeagatik okerreko taldea osatzea egotzi zion errugbi talde sevillarrari Getxo Arteak. Izan ere, araudiari begira, norgehiagoka hasi baino lehen jokalarien zerrendan agertu behar dira berdegunera irtengo diren guztiak, talde getxoztarraren arduradunen ustez. Eta hiru horiexek ez ziren aipatu agiri ofizialetan azaltzen. Hala ere, Getxo Arteak aurkeztutako salaketa ez du aintzat hartu Espainiako Errugbi Federazioko Diziplina Batzordeak, bere hitzetan, "partidan zehar Monte Cienciasekoek filmaturiko bideoak eta arbitroak aurreko partidetatik hiru jokalariak ezagutzeak soberan frogatzen du horiek zeintzuk diren". Erabaki horren aurka helegitea aurkeztuko du talde getxoztarrak.
Getxo Arteako arduradunen ustez, "bidegabe eta penagarri" jokatu zuen arbitroak, "beraiek ezagutzen zituelako baino ez, utzi zielako jokatzen" Ivan Moro, German Pinna eta Ivan Lopezi. Federazioak hartutako erabakia ere haserrea piztu du Fadurakoengan. Agustin Martinez errugbi taldeko lehendakariak aipatu duenez, "Getxo Arteak etengabe sufritzen ari den arbitroen hanka sartzeetariko bat besterik ez da oraingoa. Denboraldian zehar hainbat partida galdu ditugu horregatik".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun