Bere postontzi elektronikoa izango du EHUko ikasle bakoitzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 14a, 19:55
Euskal Herriko Unibertsitateak informatika azpiegiturak berritzeko prozesu zabala jarri du martxan. Besteak beste, unibertsitatean matrikulatutako ikasle guztiei 20 mb-eko postontzi elektronikoa jartzea izan da hasierako pausuetako bat, EHUn ikasten dabiltzan bitartean erabil dezaten. Berrikuntza hauek guztiak egiteko, 3,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute; Europar Batasuneko ERDF (European Regional Development Fund) fondoetatik 1,2 milioi euroko diru-laguntza jasoko du unibertsitateak.
EHUtik jakinarazi dutenez, ikasle eta unibertsitatearen arteko trebakuntza lana eta gestioak erraztuko ditu aipaturiko posta elektronikoak, horren erabilpen pertsonala ere egin daitekeela kontutan izanda. Egitasmoa borobiltzeko, banaketa orokorrerako helbide elektronikoen zerrenda bat izango du Fakultate edo Eskola bakoitzak. Gainera, beren ikasgaietako ikasleen helbideak eta ikasle guztien helbide elektronikoak batuko dituen bilatzailea ere izango dute eskura irakasleek. Horrek erakundearen eta ikasleen arteko erlazioa erraztuko du.

Informatika ekipamenduaren berrikuntza

Ikasteko 4.000 ordenagailu dituzte EHUn matrikulatutakoek; 2.000 Bizkaian, 700 Araban eta 1.200 Gipuzkoan. Posta-kontuak ordenagailu horietatik edo etxetik ere kontsultatu ahal izango dituzte. Administraziorako eta unibertsitateko kudeaketa lanetarako erabiltzen direnei dagokionez, 600 bat ordenagailu berrituko dituzte 2005eko otsailerako. Ekipamendu guztia estandarizatuko dute; sistema operatiboa, bulegotikako erremintak, posta elektronikoa eta gainontzeko softwarea.

Beste alde batetik, unibertsitateko gainontzeko ordenagailuetan ere egingo dute sistemaren estandarizazio prozesua; urtarrilerako 1.500 ekipo estandarizatuko dituzte. Horrekin batera, ekipamendua mantendu eta egunerapenak egiteko gune zentral bat jarriko dute otsailerako. Orain arte, ordenagailuz ordenagailu joan behar izaten zen lan horiek guztiak egiteko eta horrek gastu handiagoak zekartzan.

Posta zerbitzu berria

Eskainiko den posta zerbitzua korporatiboa izango da, sarrera eta irteera postontziak baino ez zituen aurrekoaren aldean. Besteak beste, Norberaren posta beste baten esku utzi, gainerako erabiltzaileek duten agenda kontsultatu (bileraren bat deitzeko, adibidez), beste erabiltzaile batzuekin lan egin eta karpeta publikoak sortzeko (informazio hori beste erabiltzaile batzuek kontsulta dezaten) aukera emango du posta zerbitzu berriak. Horretaz gain, 14 ikastegitan telekomunikazio kableatua berrituko dute, EHUn kalitatezko sarea jartzeko asmoz. Otsailerako hori ere.

EHUren webgunea egokitzeko lehiaketa

Lehiaketa publiko bat ere deitu dute EHUren webgunea Datuen Babeserako Lege Organikoaren araudira egotzitzeko. Hori berritzeko ikerketa bat ere hasi dute.

Sustatun izan dugu informazio honen berri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun