Casaresentzat 14 urteko eskaera egin dute "Segi-Haika" auzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 4a, 22:10
Aiboa Casares Astrabuduako presoarentzat 14 urteko espetxe zigorra eskatu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, gaur aurkeztutako "Jarrai-Haika-Segi" auziko behin-behineko ondorioetan. Aipatutako txostenean Euskal Herriko 42 gazte auziperatzea eskatu du Enrique Molina fiskalak, haientzat guztira 654 urteko eskariak egin dituela. Auziperatutako hamar bat lagun ihes eginda daude eta beste gehienak presondegietan. Hori dela eta, epaiketa martxoaren 7a baino lehen burutuko dutela pentsatzekoa da, data horretatik aurrera Haikako kideei amaituko baitzaie badaezpadako espetxealdi epea eta kalera atera beharko bailirateke.
Eskatutako espetxealdirik luzeena Asier Tapia Segiko kide donostiarrarena da. Molinak berarentzat 111 urte eta hamar hilabete eskatzu ditu, talde terrorista baten partaide izatea, kalte terroristak eragin dituzten 19 delitu egitea eta hiru etxebizitzetan suteak eragitea leporatuta, "2001eko martxoaren 6an egin zuen deiagatik". Egun hartan Tapiak Haikako 15 kideen atxiloketa zela-eta prentsaurreko batean ohar bat irakurri zuen. Testu horri erantzunez autobusak eta autoak erre zirela argudiatzen du fiskalak.

"Erakunde terroristako kide"

Aiboa Casaresentzat, gehiengoarentzat bezala, "erakunde terroristako kide" delakoan 14 urte eskatu ditu fiskalak. Izan ere, 33 lagunentzako eskari bera egin du Molinak. Beste zortziri "erakunde terroristari laguntzea" leporatu die, eta horren truke 10 urte eskatu.

Aiboa Casares 2002ko martxoaren 8ko ordu txikietan atxilotu zuten, Segiren kontrako operazioaren barruan. Casares Areetan zegoen, bere mutil lagunaren etxean, atxilotua izan zenean. Gau hartan hamabi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Garzonek atxilotuei "Jarrai-Haika-Segi" erakundeko "arduradun nagusiak" izatea eta kale borroka koordinatzea leporatu zien, "ETA-Ekin" azpiegituraren barruan kokatuz.

Urte bat lehenago, 2001eko martxoaren 6an, Espainiako Poliziak Haikako 15 kide atxilotu zituen. Garzonena izan zen agindua kasu horretan ere. Hurrengo asteetan beste 5 gazte atxilotuta gelditu ziren.

Auziperatuen zerrenda
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun