Gaur zabaldu ditu ateak Leioako campuseko kiroldegiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 10a, 22:21
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Leioako campusean egin dituen kirol instalazio berriek gaur zabaldu dituzte ateak, sei milioi eurotako diru inbertsioa egin eta gero. Joan den urteko apirilean amaitu ziren eraikuntza lanak eta orduan eman zitzaien kiroldegiko jabegoa unibertsitateko arduradunei, aipatu ekitaldian Joan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak parte hartu zuela.
Eraikuntza lanek eragindako kostuez gain, beste 600.000 erabili dira ekipamendurako. Guztira, 40.000 metro koadroko orubean dago kokatuta kiroldegia, eraikinak duen azalera 5.000 metro koadrokoa delarik. Aparkatzeko 251 leku daude.

Hallak bi guneetan banatzen ditu kirol instalazioak. Albo batean, 50 x 44 metroko jokalekua dago, zoru sintetikoaz egina eta bi pistatan banatu daitekeena motoredun gortinen bitartez. Bertan taldekako kirolak praktikatu daitezke: areto-futbola, eskubaloia, saskibaloia, boleibola eta tenisa, besteak beste. Gainera, 300 lagunentzako harmailak eta lau aldagela ere baditu jokalekuak. Azkenengo hauek bi lurrun-bainuez ekipatuak. Guztira, 3.500 metro koadroko azalera dauka aipaturiko guneak.

Beste alde batetik, squash pista bi, 400 metro koadroko fitness gela (guztira 125 tresna dituena) eta 500 metro koadro betetzen duten balio anitzeko hiru gela osatzen dute bigarren gunea. Horietako areto batean txirrindularitza estatikoa egin daiteke eta beste bietan gidatutako taldekako jarduerak (gimnasia, aerobic...). Bi aldagela eta saunak ere badaude gune honetan.

Prezio bereziak ikasleentzat

Prezio bereziez gozatu ahal izango duten unibertsitateko ikasleentzat ez ezik, gainontzeko erabiltzaileentzat ere egongo da zabalik kiroldegi berria. Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara egongo da zabalik; larunbatetan, berriz, 9:00etatik 21:00etara; igande eta jai-egunetan, azkenik, 9:30etik 15:00etara.

Ordu guzti horietan, bazkide guztiek parte hartu ahal izango duten jarduera ugari egongo dira, horietan izena eman edota diru kopuru gehigarria ordaindu beharrik izan gabe. Orotara, 25 lagun aritu ahal izango dira aldi berean taldekako ekintzetan, eta beste 120 fitness aretoan, jokalekuan daudenak kontutan hartu gabe. Hori dela eta, unibertsitate mailan, EAEn dagoen kirol azpiegiturarik handiena dela diote EHUko arduradunek. Izan ere, aldi berean, 300 bat lagunek egin dezakete kirola bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun