Sorne Unzueta 'Utarsus' euskal idazlea hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 14a, 18:57
"Utarsus" izengoitiaz ezaguna zen Sorne Unzueta euskal idazlea hil zen atzo Urdulizen, 104 urte zituela. Bilbon jaio zen 1900ean. Hamasei urte zituela abertzaletasunera hurbildu zen eta euskara ikasi zuen; harrezkero euskaraz jardun zuen bere lanetan. Gerra Zibilean, 1937an, Frantziara joan behar izan zuen familiarekin eta erbestean hainbat urte eman zituen Erresistentziarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean. 1953an Euskal Herrira itzuli eta 1968an Getxon finkatu zen.
Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldutako auzo-eskoletan aritu zen klaseak euskaraz ematen; auzo-eskola hauek herrigunetik aldenduta zeuden auzoetan ipini ziren bertako umeak eskolaratzeko erraztasunak ematearren. Sorne Unzueta eskola hauetako lehenengo irakasleetakoa izan zen eta, besteak beste, Gamiz, Berango, Lemoa eta Bedian eman zituen eskolak.

Gizarteko beste arlo askotan ere jardun zuen; besteak beste, Emakume Abertzale Batza taldeko kide eta partehartzaile aktiboa izan zen eta hainbat mitin eman zituen emakumearen eskubideak eta emakumearen gizarteratzea aldarrikatuz.

Euskara eta Euskal Herria

1931n ekin zion idazteari, euskaraz idazteari; poesia idatzi zuen gehienbat, baina ipuin eta bestelako artikuluak ere baditu. Bere lanetan euskararen eta Euskal Herriaren aldeko jarrera eta bere barneko sentimenduak azaldu zituen. Gerra aurreko abertzaletasun-giroan hasi zen idazten eta aberria eta euskal arrazaren erreferentziak eta Sabino Aranaren ideologia nabariak dira bere obran. Garai hartako idazle askoren antzera aldizkarietarako lan asko egin zituen; batik bat, "Euzkerea" eta "Bizkaitarra" aldizkari abertzaleetan kaleratu zituen bere lanak.

Urteetan zehar idatzi eta argitaratutako lanak batu zituen "Idazlan Guztiak" liburua kaleratu zuen 1997ko urrian; 50 bat poema, narrazio eta artikulu biltzen dira bertan eta, irakurketa erraztearren, gaur egungo euskarara egokituta daude testuak, errima edo informazioa galtzen ez den neurrian. Labayru Ikastegiaren eta Bilboko Udalaren laguntzaz kaleratu zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun