Getxoko Behargintzaren autoenplegurako orientabide eta informazio zerbitzua emateko kontratua luzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 5a, 21:41
Getxoko Udalak 2005ko urtean zehar autoenplegura bideratutako orientabide, informazio eta aholkularitza jarduerak burutzeko kontratua luzatu du. Tokiko Gobernu Batzordeak 24.552 euroko diru-kopurua bideratu du udalerriko Enplegu eta Ekonomi Garapenerako-Behargintza Zentruak ematen duen zerbitzura. Getxoko Udalaren baitan enplegu politikei bide eman zien aurreneko programetako bat da eta etorkizunean, gainera, zuzenean kudeatu lezake udal erakundeak berak, Iñaki Zarraoa alkateak aurreratu duen bezala. Zerbitzua datza, batetik, enplegu zentruak eskaintzen dituen gainontzeko zerbitzuekin elkarlanan aritzea, “norberaren ibilbide eta nahiekin bat eginez”, bertara informazio eske datozen pertsonak zuzenki bideratu eta aholkatzeko helburuagaz.
Bestaldetik, “lehen informazio hori eske enpresa proiektu batekin zentrora jotzen duten pertsona hoiekin lehen urratsak ematea nahi da”, Zarraoak zehaztu duenez, hala nola, lan merkatuaren egoeraren eta lan eta negozio aukera handienak dituzten esparruen berri emanez. Zentzu honetan, aurkeztuko diren egitasmoak aztertuko dira lehenbiziz, enpleguaren aldaketari buruzko orientabidea emango zaie, epe laburrera negozioaren jarraipena egingo da, behin abiatu eta gero, hori indartzeko ekintzaren bat egin beharko balitz, eta, azkenik, pertsona hauei bideratutako ikastaro eta trebakuntza zikloak diseinatuko ditu.

Langabezia tasa behera

Zerbitzuaren ardura duen enpresak 744 ordu zuzendu beharko ditu guztira 2005ean zehar, Behargintza zentroari, aipatu autoenplegurako orientabide, informazio eta aholkularitza jarduerak emateko. Etorkizunean, aldaketa izan eta beste lan eremu batzuetara egokitu liteke langabeziaren tasaren bilakaeraren eraginez, Bizkaian eta, orohar, Euskal Autonomi Erkidego osoan nabarmenki behera egin duelako, Europako bataz bestekoaren azpitik ere kokatu delarik, alkate getxotarrak azpimarratu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun