Astelehenean amaituko da Ereagako Hondartza Txapelketetan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 15a, 23:41
Hamalau urte egingo dituzte aurten Ereagako Hondartza Txapelketek. Getxoko Udalaren eta BBKren babesarekin, Algortako areatzan, inguru atseginean antolatzen dituzte kirol jarduerak Kirikeko begiraleek. Asteburutik asteburura jende-kopuru handia batu ohi da Ereagan. Aurten futbol zazpi hondar bustian eta boleibol sei hondar lehorrean jokatuko dira, itsasaldien araberako ordutegietan. Izena emateko kuotak batean zein besteak jarduteko aukera ematen du. Futbolean zein boleibolean, gutxienez, hiru partida jokatuko dira eta, bigarren fasea, kanporaketen bidez egingo da. A mailan (13 eta 14 urte) eta B mailan (15 eta 16 urte) partaide bakoitzeko zortzi euroko kuota ordaindu beharko da. D mailan (17-24 bitarteko urte) eta E mailan (24 urte baino gehiago), berriz, hamar eurokoa. Apirilaren 18ra arte egongo da izena emateko aukera, Kiriken web orrian edo 944 911 746 telefono / fax zenbakian.
Txapelketak adin guztietako lagunei zuzenduta daude; haurrak, gazteak zein helduak izan. Baina, azpimarratu beharra dago azken bolada honetan 18 eta 35 urteen artekoek gero eta gehiago parte hartzen dutela. Ingurune natural horretan egiten diren helburu "handimandirik" gabeko jarduera hauek biztanleek oro har dituzten aisialdirako beharrak betetzen dituzte, antolatzaileen hitzetan.

Egutegia

Apirilaren 30ean hasiko da txapelketa. Finalak eta sari-banaketa maiatzaren 28an egingo dira. Futbolean itsasaldiaren arabera arituko dira, eta boleibolaren ordutegia bi txapelketan parte hartu ahal izateko egokituko da.

- Apirilaren 30a, maiatzaren 1a eta 2a: Futbol 7, sailkatzeko jardunaldiak; Boleibola, sailkatzeko jardunaldiak.

- Maiatzaren 8a, 14a, 15a, 21a eta 22a: sailkatutako taldeei zuzenduta; Futbol 7, kanporaketak; Boleibola, kanporaketak.

- Maiatzaren 28a: Futbol 7, finalak; Boleibola, finalerdia eta finala.

Argibide gehiago eskuratu nahi izanez gero: http://www.kirik.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun