Alde egiteko agindua jaso dute Mecanica La Peñan sortutako gaztetxekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 23a, 19:09
Ertzaintzako poliziak bertaratu ziren berriro atzo Urdulizko Mecanica La Peña lantegi zaharrera, bertan zeuden okupei Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako alde egiteko agindua emateko. Paperean gazteei 10 eguneko epea ematen die Bizkaiko erakundeak eraikinetik alde egiteko. Oraindik eztabaidatu ez badute ere gazteek ez dute baztertzen agindua errekurritzea. Bitartean, urduliztar zein sopeloztarrak batzen dituen Sopelako Gazte Asanbladak hainbat lan burutu ditu, tartean gaztetxeari izena jartzea. Igeltsera gaztetxea da dagoeneko Mecanica La Peñaren izen berria. Bestalde, lan taldeak eratu dituzte okupek eta lehenengo emaitza gaur egongo da ikusgai eta entzungai, gaztetxeak antolatu duen kontzertuan.
Orain dela aste bat, apirilaren 16an, okupatu zuten 60 bat gaztek gaur Igeltsera gaztetxea dena. Tarte txiki horretan eta lan taldeak eratu ostean, lan izugarria egin dute gaztetxeko kideek, izan ere, behe solairuko tailerrean oholtza, taberna eta graffiti zein margoketaz betetako dekorazioa egiteari ekin baitio Musika Taldeen lan taldea, Lanak eta Azpiegitura lan taldearen laguntzarekin. Horren emaitza izango da gaur 20:00etatik 1:00etara burutuko den kontzertua. Bi euro ordainduta, Leioako Black Coffe eta Desquiciados, Sopela eta Algortako Libertad Condicional eta Sopelako Voodo entzuteko aukera izango da. Aurretik, inguruko auzokideei horren berri eman diete Igeltsera gaztetxekoek.

Bestalde, datorren astean Igeltsera gaztetxearen proiektuaren herri aurkezpena prestatzen dabiltzate Kultura eta Komunikazioa lan taldeak. Gauzak horrela, bilera eta asanblada anitz burutzen ari dira gazteak egunotan, tartean sopeloztar zein urduliztarren Sopelako Gazte Asanbladaren iganderoko batzarrari eusten diotela.

Gaiaren inguruko berriak:

Txukuntzeko lanekin jarraitzen dute Mecanica La Peñan zabaldutako gaztetxean (2005 Api 17)
Herriz herri autogestioa zabaldu, Sopelako Gazte Asanbladaren komunikatua (2005 Api 17)
Sopelako Gazte Asanbladak Mecanica La Peña lantegi zaharra okupatu du Urdulizen (2005 Api 17)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun