Espainiako Gobernuak elektrizitate zentral berria jarri nahi du Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 1a, 21:40
Industria Ministerioak Lemoizko zentral nuklear zaharra enkantera ateratzeko asmoa du, bertan elektrizitatea sortzeko gasa erreko lukeen ziklo bateratuko zentrala jartzeko, “El Correo Español” egunkariak gaur argitaratu duenez. Iturri beraren arabera, gainera, Iberdrolak Lemoizko zentrala erosteko lehentasuna izango luke. Argazkian (Regentif.org), zentraleko irudi bat.
Protestaldi jendetsu eta anitzen ostean, 1983an Madrilek gelditu zituen Lemoizen zentral nuklearra sortzeko lanak. Orain, azpiegitura horiek berrerabiltzeko erabakia hartu dute. Izan ere, Zapateroren Gobernuak otsailean ekonomia suspertzeko onartutako ehun neurrietako bat da Lemoizen ziklo bateratuko zentral berria sortzea.

Konpainia elektrikoek bere garaian Lemoizen egindako inbertsioa hilero-hilero ordaintzen dute aspalditik euskal herritarrek eta Gobernuaren arabera laster bukatuko da kalte ordainekin. Hortik aurrera, Estatuarenak izango dira azpiegiturak eta saltzeko aukera izango du. Salmenta hori enkante edo lehiaketa publikoaren bidez egingo da, beti ere Iberdrola gaur egungo jabeak lehentasuna izango duela.

Bestalde, Lemoizko zentral berria bat etorriko litzateke Hirukoaren Gobernuak abenduan onartutako gasa erabiliko lukeen beste zentral bat sortzearen aurreikuspenarekin. Asmo horretarako Lakuak ez zuen zehaztu inolako tokirik. Edozelan ere, ikusi beharko da Lemoizko zentralaren inguruko asmoei zelan erantzungo dien mugimendu ekologistak. Bitartean, azpiegitura zaharrak, hoditeria eta burdinazko egitura eraisten dihardu azken egunotan Iberdrolak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun