Eusko Legebiltzarreko kideek Aintzane Garairen hilketa salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 18a, 16:40
Gasteizko legebiltzarkideek eta Eusko Legebiltzarreko langileek kontzentrazioa burutu dute goizeko 12:00etan Aintzane Garai barrikoztarraren hilketa gaitzesteko. Ekintza horretan, Legebiltzarreko mahaiak adostutako testua irakurri dute, non hilketa "etxeko indarkeritzat" jo ostean Aintzane Garairen senide eta lagunei "sostengua helarazi" dieten. Era berean, Gasteizko Legebiltzarrak gogoratu du "Aintzaneren heriotza genero-indarkeriaren adierazpiderik larriena" izan bada ere, "egunez egun asko direla emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak". Ildo horretan, azpimarratu dute kontzentratuek, "guztiak" dira "gaitzestekoak eta arbuiatzekoak". Gainera, "bizitzak suntsitzeaz gain, genero-indarkeriak murriztu egiten du emakumeek kolektibo bezala alor publikoan izan behar duten parte-hartzea", eta horregatik hiritar guztiei emakumeen kontrako adierazpideen aurkako eta biktimen aldeko jarrera hartzeko eskatu diete. Legebiltzarreko kideek bertako Mahaiak egindako deialdiari erantzunez burutu dute elkarretaratzea. Argazkian, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea / 20minutos.es (CC lizentziapean).
Eusko Legebiltzarreko testua, hitzez-hitz:

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, Aintzane Garai Barrikako gaztearen hilketa dela eta, honako hau adierazi nahi du:

1. Gaitzetsi egiten du, etxeko indarkeriak eragindako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita. Ezin ulertuzko gertaera horrek sortu digun samina adierazten dugu, eta gure sostengua helarazten diegu biktimaren familiari eta lagunei.

2. Milaka emakumek zuzeneko eran pairatzen dituzten egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txertatuta daude. Aintzaneren heriotza genero-indarkeriaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira horiek guztiak.

3. Emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria –forma batean zein bestean– haien duintasunaren eta segurtasun fisiko eta moralaren kontrako atentatu bat da, eta, beraz, modu larrian eta onartezinean urratzen ditu haien giza eskubideak. Bizitzak suntsitzeaz gain, genero-indarkeriak murriztu egiten du emakumeek kolektibo bezala alor publikoan izan behar duten parte-hartzea, hiritartasun eskubideen erabilera mugatzen dielako. Eraso horiek ezin kalkulatuzko eta ezin konponduzko kostu pertsonal eta sozialak dakartzate, eta emakumeen desberdintasunean oinarritutako ordena sozial honen adierazpide dira.

Alde horretatik, emakumeen kontrako adierazpide bortitz ororen kontrako jarrera hartzera deitzen ditugu hiritarrak, ekintza horiek sala ditzaten, onartu ez ditzaten eta haien aurrean isilik iraun ez dezaten; halaber, biktimen aldeko sostengua adieraztera deitzen ditugu.


Gaiaren inguruko berriak:

Atxilotuta jarraitzen du Aintzane Garairen mutil-lagun ohiak

Barrikako Udalak erabateko gaitzespena agertu du Aintzane Garairen erailketaren aurrean (2005 Urr 17)

Aintzane Garairen mutil-lagun ohia atxilotu dute (2005 Urr 17)

Aurkitutako gorpua Aintzane Garairena dela egiaztatu dute (2005 Urr 17)

Ostiralean desagertutako Aintzane Garai barrikoztarra hilik agertu omen da (2005 Urr 17)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun