Aparkaleku berria egiten hasi dira Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 21a, 13:22
Gasitua aldean doako parking berria eraikitzen ari da Lemoizko Udala. Aparkalekuak 3.671 metro karratuko azalera izango du eta baterian aparkatzeko bi ilara egongo dira, 31 ibilgailurentzat. Erdiko erreiak 5 metroko zabalera izango du. Gainera, elbarrientzat beste ilara bat egingo da eta, zabalgunetik, oinezkoentzako bidea ere, errepide azpitik errekaraino, %7ko malda duen arrapala jarriz, metalezko barandakin. Eremu horretan ere berdegune ugari egongo dira, belar eta zuhaitzekin. Parkingean bi zuhaitz ipiniko dira bi tokitatik batean, autoak eguzkitik babesteko. Era berean, bankuak eta mahaiak jarriko dituzte. Lanak 137.529,62 euroko aurrekontuarekin egingo dira eta uztaila bitartean amaitzea espero dute.
Gaur egun, alde horretan ez dago estolderiarik. Egitasmoaren baitan, sare hori jartzeko asmoa dago, urte batzuk barru Gasitua auzoak estolda sarea edukiko duela kontuan izanda, udal arduradunek jakinarazi dutenez. Euria biltzeko, estolda-zuloak ipiniko dira, PVC materialezko hodiekin, galtzada azpian doan sare nagusiari lotuak.

Argiteria

Argiztapen sareari dagokionez, Gasituarako bidearen ondotik doan aireko sarea lurperatzeko asmoa dago, urbanizazio obrak egingo diren tartean. Horretarako, 250 watteko farolak jartzeko aukera aztertuko da, zutabe zuzenekoak, 4 metroko altuerakoak, 20 metrotik 20 metrora, gidariek hobeto ikus dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun