Kartel lehiaketa deitu dute Urdulizko Andra Mari Jaia iragartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 3a, 22:48
Andra Mari Jaia iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du Urdulizko Kultur Etxeak. Nahi duten lagun guztiek parte hartu ahal izango dute horretan, udal iturrien arabera, eta aurkeztu beharreko lanen kopurua librea izango da; baita kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknika eta kolorea ere. Neurria, 45 x 60 zentimetrotakoa eta euskarri gogorrean itsasia derrigorrez. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa eman egin beharko da. Agertu behar den testua hauxe da: "Urdulizko Jaiak Andra Mari 2006". Kartelak egilearen sinadura barik aurkeztuko dira; kartazal itxi batean sartuko dira identifikaziorako datuak: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia. Lanak postaz zein zuzenean entregatu ahal izango dira Urdulizko kultur etxean (Torrebarri bide, 1 - 48610 Urduliz), ekainaren 10eko, 13:30era arte.
Lanak kultur etxean egongo dira ikusgai ekainaren 13tik 29ra arte, eta epaimahaiak,"lekua kontutan harturik, zeintzuk merezi duten jendeaurrean jarriak izatea erabaki ahal izango du", udal iturriek jakinarazi dutenez. Irabazlearen izena ekainaren 30ean, ostirala, emango dute ezagutzera, 13:00etan, toki horretan bertan.

Sariak

Irabazleak 400 euro jasoko ditu. Erakusketako egunetan herritarrek aukeratzen duten lanaren egileak, berriz, 100 eurotako sari bat lortuko du. Eta beste saririk jaso ez duen urduliztar hoberenak, beste horrenbeste. Kartel irabazlea jaietako egitarauaren atarian agertuko da. Saritutako lana Urdulizko Kultur Etxearen jabegora pasatuko da. Sarituak izan ez direnak batzeko epea uztailaren 3tik 28ra izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun