Udal agiritegia informatizatuko dute Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 25a, 18:55
Lemoizko Udalak agiritegia sistematizatzeko prozesuari ekin dio, artxiboa erabat kudeatu, antolatu eta bertan teknologia berriak ezarriko dituen sistema bat garatzeko asmoz. Pedro Jesus Botejara alkatearen esanetan, “horri esker, kudeaketak arinago egingo dira, Udalaren ogasuna hobeto kontrolatuko da eta udalerriko agiri historikoak errazago eskuratu ahal izango dira”. Agiritegiak 2.400 agiri baino gehiago du. Hain zuzen, horrexegatik antolatu behar da, agirien funtsak egitura logikoa izan dezan eta, gainera, agiriak errazago aurkitu daitezen. “Horrela agiritegia egoera onean egongo da eta zerbitzua babestu eta udaletxeari buruzko historia gorde egingo da”. Baina ez hori bakarrik, ikerketarako iturri bezala eta kultura zabaltzeko ere erabili ahal izango da.
Dagoeneko amaitu dira agiritegiaren egungo egoera balioztatzeko lanak, datu-baserako diseinatu diren fitxetan sartuko diren espedienteen gaineko azterketa xehekatua eta informazioa mailaka sailkatzeko sistematizazioa. Orain, agiritegiaren erabilerari buruzko araudi-proiektua idatzi eta datu-basea kudeatuko duen aplikazio informatikoa instalatu behar da. Aplikazioak Access 2000 programa hartuko du oinarritzat eta bertan honakoak egongo dira: bilaketak egiteko eta informazioa berreskuratzeko laguntza-pantailak, kontsultak egiteko zerrendak eta agiriak maileguan hartzeko kudeaketa-sistema. Informazioa ISADek (G) –International Standard Archives Description (General)- ezarritako egituraren arabera bilduko da. Horri buruz, Botejarak zera argitu nahi izan du: “Gero, kontsultak egiteko eta agiriak berreskuratzeko erabili ahal izango diren fitxa informatikoak sartuko dira”. Proiektua urrian zehar amaitzea aurreikusi dute, eta horretarako 19.488 euroko inbertsioa egin behar izango du Udalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun