Sopelako udaletxe aurrean jarri dute hitzordua arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 21a, 13:32
Hogei bat gazte dago kontzentratuta orain Sopelako udaletxe aurrean, Ertzaintzak Ganebarri gaztetxea hustu izana salatzeko. Udaltzainen burua ere atera zaie, bertara sartzeko oztoporik jar ez dezatela eskatuz. Tartean, "alkateak eta beste guztiek udaletxetik ihes egin dute", Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako (SUGA) kideek UKBERRI.NETi adierazitakoaren arabera. Hainbat pankarta ere egiten jardun dira neska-mutilak. Horietako batean, "Ganebarri desalojatuta. PNV, hurrengoa zuena" irakur daiteke. Tirabirarik ere ez da falta izan udaletxera sartu nahi zuten herritarren eta gazteen artean; laupabost udaltzainen eskuhartzea eragin du horrek, baina inguruan dabiltzan ertzainak hurbildu ere ez dira egin. Tirabirak gora behera bertan ordu erdiz kontzentratuta egotea adostu dute tokiko poliziekin. Bestalde, arratsaldeko 8etarako mobilizazioa deitu dute udaletxe aurrean.
Udaletxera sartu behar zen jendea gazteei arrazoia zutela esan arren, "horiek ez direla moduak" aurpegiratu diete. Baten batek, bertan elkartu beharrean, Imanol Garai "alkatearen etxera edo batzokira" joan beharko liratekeela bota die. Bestalde, "Desalojoak dira iskanbilarik handiena" eta "Herri bat gaztetxe bat" leloak irakur daitezkeen pintaketez jozita dago udaletxea, eta Ganebarriren aldeko eta desalojoaren aurkako oihuak ere bota dituzte gazteek.

Desalojoa

SUGAkoek berretsi dutenez, liskarrik ez da izan Ertzaintza Ganebarri gaztetxea hustera joan denean. "Inor ez zegoen barruan. Hala ere, hasieran zakar jarri dira –polizia autonomikoko agentei buruz–, atzera joan behar ginela esanez", azaldu dute gazteek. Gaztetxetik ehun metrora itxi dute bidea ertzainek, jendeari hurbiltzea oztopatuz. Hiru neska-mutil baino ezin izan dira sartu barruko gauzak hartzeko. Kanpoaldean, berriz, nabaria zen Ertzaintzaren presentzia (hiru furgoneta, lau zeta, beste hainbat ingurua...) eta gazteak Ganebarrira hurbiltzen saiatu direnean "oso urduri" jarri omen dira SUGAkoen hitzetan. Bitartean, langileek gaztetxea hormatzen jarraitzen dute, etxearen jabeen senideetako baten zuzendaritzapean. Atzealdean dagoen baratza bere horretan mantendu ahal izateko ur-hartunea kanporantza uzteko ere eskatu diete beharginei neska-mutilek. "Ikusiko zutela erantzun dute", adierazi dute SUGAkoek.

Gaiaren inguruko berriak:

Ganebarri hustu izana salatzeko Sopelako udaletxe aurrean kontzentratzera deitu dute (2006 Uzt 21)

Ganebarri gaztetxea desalojatzen ari da Ertzaintza (2006 Uzt 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun