Alderdi Eguneko kanpaldia abiatu du EGIk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 23a, 01:34
“Bide berriak, helburu berbera: independentzia!” lelopean, arratsaldeko 8etan abiatu du Euzko Gaztedik Forondako zelaietan asteburuan zehar EAJko Alderdi Egunaren inguruan egiten ohi duen kanpaldia. Gaueko hamarretan, berriz, ekitaldi ofiziala izan da, non, Herrialde Katalanetako, Galizako eta Saharako hainbat ordezkari lagun izan direla, Jesus Galindez EAJko eta FBIko kideari omenaldia egin zaion eta aurreskuaren ondoren ikurrina altxatu den. Gaua hasteko, Kresala taldeak eta Eneko DJk bere doinuak jarriko ditzute Forondan. Bihar, berriz, egun estua izango dute EGIzaleek. Hamaiketakoa 12:00etan gosalduta, ez omen dute aitzakiarik izango ordu bat beranduago Josu Jon Imazen esku izango den ekitaldi poIitikoan egoteko. Badaezpada, 15:00etan indarrak berreskuratzeko aukera izango dute 10 euro balio duen herri bazkaria dela medio. Bazkari ostean, ohikoa denez, bazkalostekoak: kantak eta euskal dantzak. Eguna bukatzeko, aldiz, doinu berriagoak izango dira Etxe, Sustrai eta Joxeina Etxeberriaren eskutik. Argazkia: EGI.
Aurreko gauaren ostean baten bati programarekin jarraitzea kostatuko bazaio ere, goizeko 10etan hasiko da eguna ongi etorri ofizialarekin. Ordu erdi beranduago meza izango da eta 11:15ean agintarien eta Uri batzarren desfilea. Getxoztarren txosnan indarrak batu ostean, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren eta Josu Jon Imaz EAJko EBBKo presidentearen diskurtsoak entzun ahal izango dira ekitaldi politikoan. Ondoren herri kirolen txanda izango da. “Esaidazu euskaraz” ekimeneko karpa, berriz, 10:30etik 15:00etara izango da eta disko festa, aldiz, 4etatik 6etara. Azkenik, abentura parkea gazte ororentzat egongo da zabalik egun osoan zehar.

Aurtengo kanpaldiaren bidez EGIk gogoratu nahi izan du “Euskal Herrian bizi dugun gatazka konpontzeko bide berriak zabaldu direla azken hamarkadetan baina, ilusioz beteriko une honetan, ez dugula ahaztu behar herrialde honetako gazte gehienok dugun erabakitzeko eta independentziarantz aurrera pausua emateko eskubidea”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun