Larunbatean Uribe Kostan zehar martxa egingo du Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 28a, 14:23
Segi gazte erakunde ilegalizatuak azken egunotan Uribe Kostako gazteriari zuzendu zaio, irailaren 30ean, larunbata, burutuko duen martxarekin bat egin dezan. Kartel eta esku-orrien bidez, “Costa Rica suntsitu eta Uribe Kosta eraiki” lelopeko ibilaldia iragarri dute ezker abertzaleko gazteek. Ekimen hau dela medio eskualdeko eredua “arrotza, kapitalista, patriarkarra” eta suntsitzailea dela salatu eta “bidegabekeri guztiei erantzun, topeak bilatu eta alternatibak planteatuz” lan egiteko prestasuna agertu du gazte erakundeak. Dena den, gogoratu du Segik Uribe Kosta euskaldun, sozialista, feminista eta naturarekin bat egingo duena eskuratzeko “nahitaezkoa” izango dela Euskal Herriko independentzia eskuratzea. Martxa larunbatean, goizeko 10etan, hasiko da Urdulizen eta geroago Sopela, Berango, Algorta, Itzubaltzeta / Erromo eta Lamiakon geldiuneak egin ostean Leioan bukatuko da, tartean hainbat hitzaldi, ekimen eta herri bazkaria izango direla. Argazkian, iazko martxaren irudi bat.
Segik zabaldutako esku-orriaren testua:

Costa Rica suntsitu eta Uribe Kosta eraiki

Uribe Kostako eskualde eredua arrotza, kapitalista, patriarkarra eta txikitzailea da. Herritarren beharrak asetzeko eta ongizatearen izenean martxa jarri duten Lurralde Zati Planaren atzean, udal-zinegotzi, enpresari, eraikitze-enpresa, higiezinen enpresa eta abarren interes partikularrak baino ez daude, jendarte molde bat betikotzen duten interesak, alegia.

Erantzuna idatzita balego bezala aurkezten digute mota honetako makroproiektuak, baina historiak erakutsi digu antolakuntza eta borrokaz gauzak eraldatu daitezkeela eta erronka horretan bururaino murgilduak gaude.

Bidegabekeri guztiei erantzun, topeak bilatu eta alternatibak planteatuz lan egingo dugu. Hala ere, argi dugu, eskualde eredu hau guztiz aldatu ahal izateko nahitaezkoa dela burujabeak izatea, gure baliabideak gure eskuetan edukitzea, hau da, independentzia lortzea. Independentzia, lurraldetasuna, ekonomia eta hezkuntzari dagokionez, gure baliabideak guk geuk (herritarrok) kontrolatu ahal izateko baina independentzia ere baloreei dagokionez, pertsona aske izateko bidean (euskaldunak, sozialistak, feministak eta naturarekin bat eginda).

Herriak ez dira zuen jolasteko maketa eta herritarrak ez gara maketa horren pertsonaiak!

Zuen aberastasuna gure miseria delako, gazteok independentzia!

Uribe Kostako Segi

Irailaren 30eko martxaren egitaraua:

- 10:00etan, hasiera ekitaldia Urdulizen.
- “Herri bat gaztetxe bat” ekimena Sopelan.
- “LZP. Baserritar baten esperientziak” hitzaldia Berangon.
- “Herri parte hartzea” hitzaldia Algortan.
- Herri bazkaria (etxetik ekarri) Algortan.
- Parodia Itzubaltzeta / Erromon.
- Horma irudi herritarra Lamiakon.
- Etxebizitzaren inguruko ekimena Leioan.
- Bukaera ekitaldia, parrillada eta speach corner Leioan.

Gaiaren inguruko berriak:

2005eko martxaren argazkiak (UKBERRI.NET / Gaztesarea)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun