Urdulizko lehenengo Berdintasun Planak "partaidetza bultzatzea" du helburu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 28a, 22:43
Urdulizko Udalak gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehenengo plana dauka jada. Juan Olea alkatearen hitzetan, "politika orokorreko tresna gisa sortu dugu, ekintza eta konpromisoen aukera zabala agertzen dela". Plana egiteko alderdi politikoen, langile teknikoen, Uribe Kostako Mankomunitatearen eta Inola izeneko udalerriko emakumeen elkartearen arteko partaidetza-prozesua bultzatu da, gaineratu duenez, eta funtsezko hiru alderdi hartu dira kontuan: konpromiso politiko esplizitua udalerriko mailarik gorenean, udalaren arlo guztien nahiz udalerriko bizitzan parte hartzen duten eragile politiko eta sozialen ekarpenak bilduko dituen partaidetza-plana; eta azkenik, alderdi politikoen arteko adostasuna lortu emakumeen eta gizonen berdintasuna benetan bultzatzeko. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Miren Dobaran Berangoko udal agintaria lagun duela.
Urduliztar arduradunen asmoa da, dokumentu honen bidez, "udal politikak gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasun egoerak gainditzera bideratzea". Ildo horretan, gogora ekarri dute Behargintzak, 2006ko lehenengo hiruhilekoan emandako datuen arabera, udalerriko langabezia-tasetan aldeak txikiagoak direla adinik txikienetan; baina 35 eta 59 urteen arteko adin-taldeetan emakumeen langabezia-tasa gizonezkoena baino askoz handiagoa dela. Halaber, 28 gizon langabeturen aldean, 46 emakume langabetu daudela ikusten da. Gainera, beren ardurapean adingabeko bat edo gehiago dauzkaten guraso bakarreko familien buruak amak dira. Bestalde, unibertsitate-ikasketak amaitzen dituzten emakume gehienek Gizarte Zientzien, Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen, Irakasle-ikasketen eta Haur Hezkuntzaren adarrak aukeratzen dituzte; gizonek, aldiz, Prestakuntza Teknikoaren eta Industrien adarra. "Dibertsifikazio hori bat dator emakumeei eta gizonezkoei tradizioan esleitu zaizkien zereginekin; emakumeen kasuan, besteren zaintzarekin zerikusia daukaten lanbide-adarrak dira", Oleak zehaztu duenez.

Urtebeteko iraupena

Horrela, 2007ko irailera arte indarrean egongo den planteamendu hori "Udalaren barruan erakunde gisa nahiz udalerriko bizimoduan berdintasuna sustatzeko jarduera-eremu eta tresna gisa sortu da", alkatearen hitzetan. Epe laburrean egingo diren jardueretako bat politikarientzako eta udal teknikarientzako berdintasun-politikei buruzko prestakuntza-ikastaroa izango da. Hori urteko lehenengo hiruhilekoan egingo da. Halaber, herritarren partaidetza-foroa sortuko da; bertan egongo dira udalerriko emakumeen elkartea, zenbait eragile politiko eta langile teknikoak ere bai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun